Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du ETAk barne mailan "berregituratu" egin nahi duela "geldialdi honetan", eta uste du horren froga atzo Guardia Zibilak Villabonan eta Usurbilen egindako atxiloketak direla. ETAk irailaren 5ean jakinarazi zuen "eraso ekintza armaturik" ez egiteko erabakia hartu zuela duela hilabete batzuk, eta horri deitzen dio 'geldialdia' Rubalcabak.
Juan Carlos Besance (40 urte), Jesus Mari Besance (36 urte) eta Xabier Atristain (39 urte) atxilotu zituzten atzo, ETAren Donostia taldea berriro osatu nahian zebiltzalakoan. Ikerketako iturriek diote 101 kilo lehergai atzeman zizkietela Villabonan, baita 2001ean lapurtutako auto bat ere -Renault 19 markakoa-. Horretaz gain, hamarkada honen hasierako atentatu batzuetan lagundu izana egotzi diete hirurei.
Atzo gauean eraman zituzten Madrilera, Guardia Zibilaren egoitzara, eta inkomunikatuta dauzkate. Efe berri agentziak dio balitekeela astelehenean eramatea Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera.
atxiloketak