Rubalcabaren babesa lortuta, krisia gainditzeko «nahia» du Jimenezek

Kontu publikoen gaineko ziurtasuna, bi aldeen arteko leialtasuna eta zerga bidezko neurriak jarri dizkio baldintza gisa BarcinariOhartarazi du ituna hautsiko balitz PSNk oposizioan ez lukeela UPN babestuko

Roberto Jimenez eta Alfredo Perez Rubalcaba, atzo, PSOEren Madrilgo egoitza nagusian bildu ostean egin zuten agerraldian. BERRIA.
joxerra senar
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«PSNko idazkari nagusiarena da nire jarrera politikoa. Egiten duena ondo egina egongo da». Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren bermea eta babesa duela itzuli da Iruñera Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako presidenteordea. Ferrazen bildu dira bi buruzagi sozialistak, Nafarroako gobernu krisia aztertzeko asmoz. Bilkurak arreta handia piztu arren, berritasun gutxi daude. Jimenezek ostiralaz geroztik PSNk azaldutako jarreraberretsi du. Era berean, UPNrekin akordioa iristeko «nahia eta irrika» duela azaldu du. Haren ustez, UPNri dagokio orain egoera bideratzeko urratsa egitea. «UPNk hautsi du gobernu akordioa, eta hari dagokio akordioa berrosatzeko esfortzua egitea». Rubalcaba, berriz, Jimenezek egindako planteamendu horrekin «zeharo» ados azaldu da.

UPNrekin akordioa lortzeko borondatea azaldu izanak ez du esan nahi berehalakoan krisia konpontzera doala. Alderantziz, gatazka luzatzera doala ematen du. Zenbat? Adostasunik ez dagoen bitartean gobernu krisia egongo dela, besterik ez du esan Jimenezek: «Gobernuak ezin du egungo egoeran denbora luzez jarraitu», zehaztu du, dena den.

Krisiaren oinarrian konfiantza galera dago. Jimenezek Madrilgo kazetariei azaldu die maiatzaren 11z geroztik hiru aldiz aldatu dituela Ogasun Departamentuak Nafarroako kontu publikoen gaineko aurreikuspenak. Maiatzaren 11n, bi alderdiek 60 milioi euroko murrizketa ezarri eta 27 milioi euroko tasa zein zerga igoera hitzartu zuten. Handik astebetera, Espainiako eta Nafarroako gobernuek hurrengo hiru urteetan Nafarroako finantza publikoak orekatzeko plana hitzartu zuten, eta, Jimenezen arabera, «han beste zifra batzuk eman ziren». Azkenik, ostiralean, «beste zifra batzuk aurkeztu ziren», eta horien gainean oinarritu zen 132 milioi euroko murrizketa. «Ezin da ulertu hain denbora gutxian zifra desberdinak ematea», esan du. «Zalantza handiak ditugu horrelako erabakiak hartu aurretik», gaineratu du.

Horregatik, UPNrekin adostasuna iritsi ahal izateko, lehenik eta behin, kontu publikoen gaineko «ziurtasuna» eskatzen du, eta bigarrenik, «leialtasuna». Hala, UPNri eskatu dio ostiralean hartutako alde bakarreko erabakia «zuzendu» dezala, berriro «abiapuntura» joan eta bi alderdiek adostasuna lor dezaten. Azkenik, Jimenezek azpimarratu duenez, «PSNk ez du utziko egoera ekonomikoak betikoek ordaintzea». Nafarroako zerga autonomia baliatu eta zerga bidez diru sarrerak handitzeko aukera aipatu du, gastu murrizketen bidetik jo ordez.

Oharra UPNrentzat

Nafarroako egonkortasunaren izenean, UPNrekin akordioa lortzeko prest azaldu da hainbat aldiz Jimenezek, baina ardura UPNren teilatu gainean utzi nahi izan du. Hala, ohar argi bat igorri dio Barcinari. «Aurreratu dezaket erabat baztertua dugula oposizioan UPNren gobernu bat sostengatzea».

Rubalcabak Nafarroako Gobernuaren krisiaz deus gutxi esan du. Horrek axolabagabetasuna adierazten duen galdetuta, ezetz esan du. «Krisiaren jatorria eta posizioa azaldu dit [Jimenezek], eta erabat ados nago. Nire babesa du. Sozialistak gobernuan gaude gauza jakin batzuk egiteko. Adibidez, amnistia fiskalean ez da gauza bera gu gobernuan egotea edo ez egotea». Nafarroan amnistia fiskalik ez dagoelako pozik azaldu eta zeharka marra gorria ezarri dio PSNri. PSOEren estrategia federala gainditzen ez den bitartean, erabaki ahalmena izango du.

Yolanda Barcina goizean Roberto Jimenezekinbildu zen atzo. «Arazoak konpontzeko ahalegina egitekotan geratu gara», adierazi zuen Nafarroako presidenteak. Haren hitzetan, koalizio gobernua osatzen duten bi alderdiek «esfortzua» egin beharko lukete Nafarroari egonkortasuna emateko. Haren ustez, UPNren eta PSNren artekoa da «gobernu posible onena». Krisia konpondu bitartean gobernuak lanean jarraituko duela ere esan du. Dena den, 132 milioi euroko murrizketa defenditu du: «Egoera zaila da, bai niretzat, bai Jimenez jaunarentzat. Denontzat da zaila. Imajinatu etxe batean diru sarrerak %13,5 apaltzen direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.