Ruth Torre medikua itzultzeko eskatu dute Ibarrangeluko eta Elantxobeko herritarrek

Ez da inor aurkeztu bi herrietako mediku postua betetzeko prozesura. Herritarrek Osakidetzari eskatu diote bete dezala emandako hitza, Ibarrangelun egindako kontzentrazio batean.

Ruth Torre medikuaren alde egindako elkarretaratzea, atzo, Ibarrangelun. IBARRANGELUKO ETA ELANTXOBEKO RUTHEN ALDEKO PLATAFORMA
Ruth Torre medikuaren alde egindako elkarretaratzea, atzo, Ibarrangelun. IBARRANGELUKO ETA ELANTXOBEKO RUTHEN ALDEKO PLATAFORMA
nerea intxausti
2024ko maiatzaren 20a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaitu da Ibarrangeluko eta Elantxobeko (Bizkaia) lehen arretako medikuaren postua betetzeko lekualdatze prozedura, eta ez da inor aurkeztu plaza betetzeko. Hori ikusita, bertako bizilagunek Osakidetzari eskatu diote Ruth Torre medikuak bete dezala hutsik geratutako leku hori.

Eta nor da Ruth Torre? Torre bi herri txiki horietako familia medikua izan da azken bi urte eta erdian, harik eta martxoaren 13an Galdakao-Usansoloko osasun zentrora lekualdatu zuten arte. Beste behin herrian errotutako medikua kenduko zutela ikusita, herritarrek mobilizazioak egin zituzten, eta plataforma bat ere sortu zuten. Atzo, berriz ere, kalera atera ziren Ibarrangelun, Torre bueltatu dadila eskatzeko.  

Postu horretarako inor aurkeztu ezean Torre bueltatzeko ahalegin guztiak egingo zituela agindu zien Osakidetzak martxoan bi herrietako alkateei eta Torreri berari, mugikortasun definitiboaren bidez. Atzo, ehun pertsona inguruk Osakidetzako zuzendaritzari eskatu zioten emandako hitza betetzeko. Haien arabera, ez dago «inolako aitzakiarik Ruth ez bueltatzeko».

Herritarrak oso pozik egon ziren Torrerekin, haren «konpromisoagatik» eta «gertutasunagatik»; hark ere adierazi zuen Elantxobe-Ibarrangelun geratzeko nahia. Herritarrek uste dute Torre itzuliz gero lehen arretako zerbitzuaren kalitatea eta egonkortasuna bermatuko dela bi herri txikiotan, azken hilabeteetako mediku joan-etorria amaituko baita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.