Sabino Ormazabal Elola (Donostia, 1953-2026) hil da gaur goizean, 72 urte zituela. Donostiako kantujiran ezbeharra izan zuen larunbatean, eta ebakuntza egin zioten berehala. Gaur eman dute heriotzaren berri. Ormazabal antimilitarismoan, ekologismoan, desobedientzia zibilean eta indarkeriaren kontra aritu izan da; Argituz giza eskubideen aldeko elkarteko kide izan zen azken urteetan.
Gazte zenetik aritu zen Ormazabal gizarte mugimenduetan buru-belarri: Gipuzkoako Ikasleen Batzordean eta Gaztedi Abertzale Iraultzaileak taldean, esaterako. Komite Antinuklear eta Ekologistetako militante aktiboa ere izan zen, eta Txustarra taldean, Donostiako Asanblada Ekologistan eta Eguzki elkarte ekologistan ere parte hartu zuen.
Gipuzkoako Gizarte Ikerketarako Talde Eragilean eta Egin egunkarian aritu zen kazetari lanetan, eta, besteak beste, Ingurugiroa gehigarri aitzindaria koordinatu zuen urte askotan. Gara egunkarian hasi zen 1999an, egunkari hori kaleratu zutenean.
Ormazabal 18/98 makrosumarioan auzipetu eta epaitu ere egin zuten. Joxemi Zumalabe Fundazioaren patronatuko kide izan zen, eta 2000. urtean Baltasar Garzon epaileak atxilotzeko agindu eta espetxeratu egin zuen, sumarioko beste kideekin batera. Desobedientzia zibila zigortzeko tresna bat izan zen 18/98 makrosumarioa, eta, funtsean, tesi jakin bat baieztatzea zen haren helburua; hau da, frogatzea zenbait jarduera politiko eta sozialetan parte hartzea ETAren konplize, laguntzaile edo kide izatearen parekoa zela. Testuingurua: dena da ETA estrategia. Zigortua: Euskal Herria ardatz zuen edozein eragile, talde edo norbanako. Tartean, Sabino Ormazabal.
David Fernandezen «familia»
David Fernandez CUPeko kide ohiaren babes eta elkartasuna izan zuen trantze horretan; Kataluniako aktibista burkide izan zuen Ormazabalek Garzonen tesi horren aurka. Fernandez Euskal Herrira zetorrela jaso zuen BERRIAren deia, estuasun batean. «Sinetsi ezinda nago; ezin dut barneratu gertatu dena», esan dio BERRIAri. «Euskal Herriko gizarte mugimenduen erreferentzia nagusietako bat da Sabino. Jakin izan du argitara ateratzen beste indarkeria horiek guztiak, ahotsa emanez isilarazita egon ohi direnei. Euskal humanista bat izan da, labur esateko».
Donostiako kantujiran izandako ezbeharrari erreparatuz, hau esan du Fernandezek: «Abesten dena ez da hiltzen, eta saminarekin diot abestuz joan dela». Harreman estua zuten Ormazabalek eta Fernandezek, 18/98 makrosumarioaren «amesgaiztoaren» harira. «Oroitzapen jario bat datorkit: 2001eko atxiloketa, hamar urteko kondenaren kalbarioa; ia urtebete egon zen barruan, baina bederatzi urte behar izan ziren [Espainiako Auzitegi] Gorenak Garzonen asmakizuna jokoz kanpo uzteko». CUPeko diputatu ohiak argi dio Ormazabalek gorpuzten duela Euskal Herriarekin zuen harremana. «Euskal Herrian gau gehien lo egin dudan etxea harena da. Maixabel haren bikotekidea datorkit burura, Markel... Nire familia dira Euskal Herrian», bukatu du, emozioak hartuta.
«Jakin izan du argitara ateratzen beste indarkeria horiek guztiak, ahotsa emanez isilarazita egon ohi direnei».
DAVID FERNANDEZ Kataluniako aktibista
Ormazabalek zortzi hilabete egin zituen espetxean dena da ETA estrategiaren eraginez. 2005ean abiatu zen epaiketa, hamasei hilabete iraun zuen, eta 2007. urtean bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Berriro espetxeratu zutenean, kontzientzia preso deklaratzeko kanpaina zabal bat abiatu zuten; Amnesty International elkartearen babesa ere jaso zuen. Fidantza ordainarazita aske utzi zuten orduan. 2009ko maiatzaren 26an, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen, Joxemi Zumalabeko beste kideekin batera.
Desobedientzia zibil ez-bortitzaren defentsan aritu zen beti. Hala esan zuen 2013an, elkarrizketa batean: «Legearen mugekin soilik funtzionatu izan balitz, humanitateak ez zuen gaurko egunera arte aurrera egingo. Gizartearen aurrerapen asko etorri dira pertsona talde esanguratsu batzuek legezkotasunaren mugak igaro dituztenean. Aldaketa sozialak lortzeko ekintza asko legez kanpokoak izan daitezke, baina zilegizkoak eta beharrezkoak dira aurrera egiteko, gizartearen ongizatea lortu nahi baitute, eta ez norberarentzako onura».
Azken urteetan, Argituz giza eskubideen aldeko elkartean aritu zen. Elkarte horrek motibazio politikoko indarkeriak Euskal Herrian utzitako arrastoa landu zuen. Bost herri oinarri harturik, Memoria partekatu baterantz izeneko txostenak sortu zituzten: Errenterian (2015), Lasarte-Orian ( 2017), Elgoibarren (2017), Andoainen (2018) eta Arrasaten (2018). Udalerri horietan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak bildu zituzten horietan.
Gatazkaren memoria eraikitzeko beste era bat probatu zuten saio horietan; hala esan zion Ormazabalek berak BERRIAri, garai hartan: «Zilegi da bakoitzak bere kontakizuna egitea. Bakoitzak bere historia dauka, nork bere irakurketa. Posible da kontakizun guztiak partekatzea? Zail ikusten dut. Horrelako txostenen bitartez ikusten da denetarik agertzen dela mahai gainean, eta hori da garrantzitsuena: ezer ez gelditzea esan gabe. Modu batean edo bestean, gertaerak kontatzen ari zara. Kontakizunak zatiketarako erabili izan dira, eta goitik beherakoak dira sarri. Gurea alderantziz da».
Bidea Helburu elkartean ere aritzen zen, gatazka armatuaren memoria lantzeko prozesuetan, baita Demagun hausnarketa taldean eta kultur ekimen batzuetan ere. 2013tik aurrera, berriz, motibazio politikoko indarkeriak 1978tik aurrera eragindako biktimen erreparazioa eta aitortza gidatzeko Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen balorazio batzordean parte hartu zuen, gizarte zibilaren ordezkari gisa.
Liburu eta dokumental batzuk
Bere pentsamenduaren eta ekarpenaren arrasto batzuk utzi zituen elkarrizketa, artikulu eta liburuetan. Esaterako, Sufrimenduaren mapa (osatugabea) argitaratu zuen 2003an, Manu Robles-Arangiz fundazioarekin. Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat argitaratu zuen fundazio berarekin 2009an. Mil y una coces contra la disidencia eta Mil (y 2) coces contra la disidencia (Disidentziaren kontrako milaka ostikada) argitaratu zituen, beste egile batzuekin elkarlanean, 2003an eta 2005ean. 2012an, berriz, desobedientzia zibilaren teoria eta praktika biltzen zituen Ziztadak dokumentalaren gidoia ondo zuen. Eta aurten bertan argitaratu du Críticas, autocríticas, gestos y puentes (Kritikak, autokritikak, keinuak eta zubiak).
Komite Antinuklear eta Ekologistetan borrokan hasi zen belaunaldi hura asko markatu zuen Gladys del Estalen hilketak, eta haren memoria berreskuratzeko eta mantentzeko lanean ere jardun zuen Ormazabalek. 2004an, Ez naiz pegata hutsa! komiki liburua argitaratu zuen, Iñaki Martiarena Mattin-en ilustrazioekin. 2019an, berriz, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala ondu zuen Bertha Gaztelumendi zuzendariak; Ormazabalek garatu zuen ideia eta gidoia.