SAEk, ELAk eta CCOOk salatu dute gobernuak «atea itxi» diela

Hiru sindikatuek greba egin dute Nafarroako osasungintzan. Gobernuak LAB eta UGTrekin sinatutako ituna kritikatu dute: «Paper errea da»

SAE, ELA eta CCOO sindikatuen protesta, atzo, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Mobilizazioari eutsi diote. SAE, ELA eta CCOO sindikatuek grebara deituak zituzten atzo Osasunbideko langile guztiak, eta elkarretaratze zaratatsua egin zuten Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Vianako Printzea eraikinaren aurrean. Bi kritika nagusi egin zizkioten Nafarroako Gobernuari: bat, Osasun Departamentuak LAB, UGT eta SMN Sindikatu Medikoarekin sinatutako itunak «paper errea» direla, ez dietela langileei hobekuntzarik ekarriko, eta, kontrara, «Osasunbideko langileen arteko arrakala areagotuko» dutela, «medikuei lehentasun osoa emanda, gainerako langileen kaltetan». Eta bi, Osasun Departamentuak uko egin diola greba batzordearekin hitz egiteari. «Atea itxi» dietela, alegia.

«Gure eskaerak helarazi genizkien arren, ez dira gurekin harremanetan jarri inongo proposamenik egiteko, eta ez dute bilerarik antolatu; horrek agerian uzten du departamentuaren arduragabekeria, ordezkaritza sindikalari dion errespetu eskasa eta negoziatzeko jarrerarik eza», azaldu dute SAEk, ELAk eta CCOOk, hiru sindikatuok adostutako oharrean.

Atzoko grebaren antolatzaileak oso kritiko azaldu ziren LAB eta UGT sindikatuekin ere, osasun sektoreko mahaian gehiengoa izanda, bertan behera utzi baitzuten martxoaren 23an egitekoa zuten lanuztea: «Gure asmoa zen martxoaren 23an greba egitea, gainerako sindikatuekin batera, baina LABek eta UGTk akordio bat sinatu zuten Osasun Departamentuarekin, eta, hortaz, LABek alde bakarrez erabaki zuen deialdia bertan behera uztea», esan zuen ELAko Izai Bujandak atzoko elkarretaratzean.

«Guk eutsi diogu mobilizazioari, eta beste deialdi bat egin genuen, uste baitugu ez dela ezer aldatu: behin-behinekotasuna ez da murriztu, KPIaren araberako soldata igoerarik ez dago, gobernuak ez ditu aurrekontuak handitu Osasunbidea behar bezala hornitzeko, eta lehen arretako egoera lehengo bera da». Horrek guztiak sektoreko langileen «haserrea» areagotu duela gaineratu zuen ELAko ordezkariak. Ezinegon horri «kasu ematera» premiatu zuen gobernua.

Grebarekin «pozik»

Ez Nafarroako Gobernuak, ez sindikatuek ez dute eman atzoko grebaren eraginari buruzko daturik. SAEk, ELAk eta CCOOk, baina, «gutxieneko zerbitzu neurrigabeak» salatu zituzten atzo: «Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak ia %100ekoak izan dira kasu batzuetan, eta azken orduan jakinarazi dituzte; gaur goizean, lankide askok ez zekiten lanera joan behar zuten ala ez», adierazi zuen SAEko Begoña Ruizek.

Hala ere, sindikatuek positibotzat jo dute baldintza horietan lanuztea aurrera atera izana: «Gutxieneko zerbitzu neurrigabeek eta martxoaren 23ko greba bertan behera utzi izanak baldintzatu dute gure deialdia. Zauri handia egin zion horrek mobilizazioari, baina jendeak erantzun du, eta pozik gaude horregatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.