Sagardui: «Lanpostuen egonkortzerik handienaren erdian gaude»

Osasun sailburuak adierazi duenez, kirurgien itxaron zerrenda 84 egunetik 66ra laburtu dute azken zortzi hiletan. Langile faltari heltzeko eskatu dio oposizioak

Gotzone Sagardui Osasun sailburua Rosa Perezekin eta Maribel Romorekin atzo, Eusko Legebiltzarrean J. TXABARRI / IREKIA.
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Osakidetzaren 2023-2025eko Plan Estrategikoa aurkeztu zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Maribel Romo kalitate zuzendariordearekin batera. Sagarduiren ustez, «etorkizuneko Osakidetzaren» oinarriak ezartzeko balioko du. Osasunaren sustapena, arreta humanoa, integratua eta pertsonalizatua eta etengabeko hobekuntza dira aipatutako helburuetako batzuk.

Gaur egungo egoeraren balorazioa ere egin zuen sailburuak agerraldian. Haren berbetan, COVID-19ak eragindako itxialdiaren ostean «bizitza soziala» arinago normaldu arren, Osakidetzak 2022ko urrian hartu zuen ostera arreta osorik, eta ordutik itxaron zerrendak «hobetuz joan dira etengabe». Emandako datuen arabera, 2022ko abuztuan 84 egunekoa zen kirurgien itxaron zerrenda, eta, gaur egun, 2023ko apirilean, 66 egunekoa da. Pandemia aurretik hona, 384 euro igo da Jaurlaritzaren osasun gastua buruko: 2.114 euroan dago orain.

«Hazi egin da medikuen eta erizainen kopurua; figura profesional berriak batu dira; egiturazko plantilla handitu egin da; eta Osakidetzako historian lanpostuak egonkortzeko egin den prozesurik handienaren aurrean gara», adierazi du Sagarduik. Datorren urteko aurrekontuak aurreikusten du egiturazko 919 lanpostu sortzea, eta gogorarazi du iaz 2.467 sortu zirela; 358 lehen mailako arretan. Plan estrategikoa hiru urterako izango da, eta sei ildo estrategiko edukiko ditu, 33 helburu, 116 jarduera eta 44 estrategia.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezen ustez, hutsuneak dauzka plan estrategikoak. Adierazi du ez duela gauzatzen «osasungintza publikoak behar duen indartzea»: «Planen edo pazienteen kostuen araberako analisiek analisi ekonomizista bat egitera garamatzate. Uste dugu kalitatezko arretak izan behar duela lehentasuna».

«Langileak finkatu»

«Negoziatzeko borondate falta» aurpegiratu dio EH Bilduko Rebeka Ubera legebiltzarkideak Sagarduiri, eta esan dio legegintzaldi osoan ez direla prest egon inoren ekarpenak jasotzeko, plan estrategikoak ez daukala «inolako sinesgarritasunik», eta «betiko gauza bera» dela.

«Osakidetzaren bizkarrezurra da plantilla, eta haren erronkari heldu behar zaio», gehitu du, eta salbuespen neurriak eskatu ditu kontratu eredua aldatzeko.«Langileak badoaz, kanpoan edo pribatuan lan baldintza hobeak eskaintzen zaizkielako. Profesional gabezia baldin badaukagu, finkatu guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.