Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan abiatuko dute Oporrak Bakean kanpaina

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 147 ekintzailek bidaiatuko dute Tindufera. Haien artean izango dira ekinaldian parte hartzen duten familiak, Euskal Herrian artatu dituzten hiru saharar ume eri, EHUko ordezkaritza bat eta Laudioko ikasle talde bat.

Euskal Herrira uda igarotzera etorritako ume sahararrak, Loiuko aireportuan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal Herrira uda igarotzera etorritako ume sahararrak, Loiuko aireportuan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
2025eko azaroaren 26a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetako eskola baten atarian kokatutako haima batek eskainiko dio aterpe aurten Oporrak Bakean aktibatzeko deiadarrari. Kanpaina horrek uda Euskal Herrian igarotzeko aukera ematen die basamortuan bizi diren ume sahararrei. Hori abiatzeko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 147 ekintzailek bidaiatuko dute Tinduferaino: ostiralerako jarri dute ordua, 17:30ean, Forondako aireportuan (Araba). Haien hegazkina 22:00etan aterako da Aljeriarantz, bidaiariz lepo eta elkartasunez bete-beterik. Larunbatean, 10:00etan, beste hegazkin bat irtengo da Noaingo (Nafarroa) aireportutik.

Duela 50 urte, Mendebaldeko Sahara deskolonizatu ordez, Espainiako Estatuak bide eman zion Marokok urte hauetan guztietan egindako okupazio bortitz eta ilegalari. «Saharar herriak 50 urtez erbestean bizi behar izan du, basamortuan, biziraupena bera eguneroko dema dutela. Itxaropena ez galtzeko, askatasunaren aldeko borroka eta determinazioa ezinbesteko bidelagun izan dituzte», adierazi dute Oporrak Bakean kanpainaren sustatzaileek.

«Bide honetan barna jarraituko dugu. Erresistentzia du Saharak oasi bakar, eta horretan ez da bakarrik izango. Euskal Herriaren elkartasuna ez zaio sekula faltako»

Oporrak Bakean kanpainako sustatzaileak

Haur sahararrei Euskal Herriko etxeetako ateak zabaldu dizkien egitasmo horrek berrogei urte bete ditu dagoeneko: «Elkartasun ariketa luze eta ederra izan da». Mendebaldeko Sahararen aldeko elkartasun dinamika, ordea, ez da soilik horretara mugatu. Urte hauetan guztietan, janaria bildu eta kanpalekuetara bidali dute; eta ibilgailuak, sendagaiak eta bestelako tresnak ere haraino helarazi dituzte. Hezkuntza hobetzeko planak eta bitartekoak ere jarri dituzte hango irakasle eta ikasleen eskuetan.

«Bide honetan barna jarraituko dugu. Erresistentzia du Saharak oasi bakar, eta horretan ez da bakarrik izango. Euskal Herriaren elkartasuna ez zaio sekula faltako».

Beste urrats bat

Azaroaren 28an beste urrats bat egingo dute: Noaindik eta Forondatik hegazkin bana aterako da Tindufera, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara elkartasun bizia eramatera. «Elkartasun zehatza eta eraginkorra», Oporrak Bakean kanpainako sustatzaileek nabarmendu dutenez. Ekintzaileak abenduaren 7ra arte egongo dira bertan.

Partaideak ugariak eta askotarikoak izango dira. Forondatik aterako dira, besteak beste, Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzen duten harrera familiak, baita azken udan Euskal Herrian geratu behar izan zuten hiru haur saharar ere. Osasun arazo larriak dituzte haiek, eta sendagiria eman diete jada.

«Nazioarteko legediak aitortzen dizkion eskubideak ukatu eta esperantza oro galtzera eraman nahi duten indar erraldoien mehatxua du aurrez aurre Saharak, une honetan»

Oporrak Bakean kanpainako sustatzaileak

Horretaz gain, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkaritza bat bidaian joango da, kanpalekuetan abiatutako kooperazio egitasmoa sakondu eta hori guztia hitzarmen batean biltzeko. Badira eskoletan azpiegitura berritzeko igeltsero eta iturginak, formakuntzak eskaintzeko elektrikariak, Auserdeko ospitalean medikuen kontsulten antolaketa hobetzeko sistema informatiko oso bat instalatzera doazen teknikariak, eta sendagileak. Azkenik, Laudioko ikasle talde batek ere hartuko du hegazkina, azken urteotako elkartasun ibilbide luze bati segida emateko asmoz.

Egungo egoera

Oporrak Bakean kanpainako sustatzaileen ustez, ez dira garai errazak inorentzat munduan. «Zer esanik ez Hegoaldea deitu ohi diogun horretakoentzat, munduko biztanleen gehiengo oso zabala biltzen duten herri eta jendeentzat. Garai hauek are okerragoak dira, noski, herri jakin horrek kanpo okupazioa eta gerra inposatua sufritu behar badu. Okerragoak, oraindik ere, kontuan hartuta herri horrek duela 50 urte bere lurretatik ihesi atera behar izan zuela, eta harrezkeroztik basamortuan bilatu babesa», gaitzetsi dute. Nabarmendu dutenez, horixe da Mendebaldeko Saharako egoera: ukazioa eta zapalketa.

«Duela gutxi, euskal jendarteak erakutsi ahal izan zion bere izate solidarioa Palestinari, zeina genozidio larria, begi bistakoa pairatzen ari den. Modu ez hain agerikoan, baina, horixe bera du aurrez aurre une hauetan Saharak: nazioarteko legediak aitortzen dizkion eskubideak ukatu eta esperantza oro galtzera eraman nahi duten indar erraldoien mehatxua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.