Saien eta arranoen erasopean

Gero eta indarkeria gehiago antzematen da sare sozialetan. Irain zein gorroto mezuen plaza birtualak bilakatzen dira plataformak, eta horietako asko eraso matxistak izaten dira.

Sare sozialak
Irati Egibar Izeta
2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Abenduaren hasieran hil zen Itziar Castro aktore katalana. Castro, emakumea, feminista, gizena eta pertsona publikoa zen. Hamaika kritika eta eraso jasan zituen bizitza osoan. Eraso jasa, ordea, ez zen heriotzarekin baretu. Hil eta gero ere ez zuten bakean utzi. Hil orduko, sare sozialetako putreak sarraski bila eta arranoak harrapakin bila hasi ziren. Castrorekiko maitasun eta tristura adierazpenez gain, gorroto iruzkin askoren lekuko ere izan ziren sareak. X plataforman heriotzaren berri izan eta minutu gutxira, dozenaka mezu agertu ziren aktorearen heriotza ospatzen eta haren gorputza kritikatzen.

Irantzu Varela kazetari eta militante feministari barrenak mugitu dizkiote Itziar Castroren heriotzaren osteko erasoek: «Gogorra egiten zait ikustea jendeak ez duela oinarrizko giza duintasunarekiko inolako errespeturik, ezta pertsona baten heriotzaren osteko egunetan ere».

Ane Lindane aktore, umorista eta bakarrizketariak salatu du aktore katalanari egindako erasoaren atzean, besteak beste, emakume gizenen kontrako gorrotoa dagoela. Eraso birtual horiek Itziar Castroren zein «talde antolatuen eta Castroren familiaren aurkako erasoak» ere izan dira.

Castrorena ez da salbuespena. Sare sozialetako zenbait erabiltzailek irainak, iruzkin gutxiesgarriak eta mehatxuak ere jasotzen dituzte egunero. Beti dago putreen eta arranoen aldra bat, haiek zer argitaratuko zain, sarraski eta haragi bila.  

Handia da Varelaren eta Lindaneren sare sozialetako jarduna. Egunero beren iritzien plazak bilakatzen dira sare sozialak. Zentzu edo helburu politiko batekin idazten dituzte txio gehienak X plataforman. Askotan, haiekiko eta haien lanarekiko gorroto handiegia sentitzen dute pertsona batzuen partetik.

Lindaneren aburuz, ez da kasualitatea emakumeek irain eta kritika gehiago jasatea. Ez bakarrik emakumeak izateagatik, Varelak nabarmendu duenez: «Feminista izateagatik indarkeria jasaten dugu, gizena izateagatik are indarkeria gehiago, eta, zer esanik ez, lesbiana eta etorkina izateagatik».

Sare sozialetako erasoak, ordea, «mundu birtualaren barruan» geratzen dira, Lindanerentzat. Varelak, berriz, beste modu batera bizi ditu eraso birtualak; horrelako kritikak jasoko lituzkeela jakinez gero, sare sozialetako soslaia beste izen eta, oro har, identitate berri batekin sortuko lituzke, bere «bizitza analogikotik» guztiz aldenduta.

Varelarentzat, mundu birtualaren eta analogikoaren arteko marra gorria oso lausoa da: «Niri denetatik egin didate: X plataforman gorrotatzen nauten hainbat gizonek nire sakelako telefono zenbakia filtratu dute; nire lantokian, Pikara-n [aldizkaria da], pintaketak ere egin dizkidate. Hori larriagoa iruditzen zait, Pikara komunikabide bat delako». Bestalde, duela hiru urte jendaurrean salatu zuen gizonezko bizilagun batek eginiko eraso matxista eta lesbofoboa.

Lindaneren esanetan, «emakume pobrea» den heinean, betidanik jasan izan ditu eraso matxistak. Hala ere, mundu birtualetako irainak ez dira inoiz analogiko bihurtu, «kalean ez dute inoiz aurpegia eman».

Hainbat indarkeria mota hauteman daitezke pantailaz bestaldeko bizitzan. Ildo horretan, hauek dira sare sozialen bidez egiten diren ohiko delituak: komunikatzeko debekua urratzea, sexu askatasunaren kontra mehatxuak egitea, adin txikikoen sexu ziberjazarpena, informazio sekretuak aurkitzea eta ezagutaraztea…

Laia Serra abokatu feministak emakumeek eta komunikatzaile feministek sare sozialetan jasaten duten jazarpenari buruzko ikerketa bat egin du. Serrak dio Plataformetako jazarpenak areagotzen ari direla.

Gorbernuen eta gizarte osoaren gainetik Interneteko enpresa pribatuek erabakitzen dute zer den onargarria eta zer ez: «X, Facebook, Instagram... edukiak zabaltzea da plataforma horien guztien negozio eredua. Egiaztatu da sare sozialetako edukien handiagotzea polemikatik, desadostasunetatik eta, jakina, indarkeriatik datorrela gehienetan».

Sare sozialetan edonork edozer idatz dezake, kasu gehienetan ezizen batek ezkutatuta; inolako ahaleginik gabe irits daiteke eraso nahi zaion pertsonarengana. Varelak hainbat soslai mota daudela zehaztu du: «Batzuk soslai anonimoetan ezkutatzen dira; beste batzuk, berriz, era masiboan eraso egiteko talde antolatuak dira. Egitura patriarkalaren kontra borrokatzen ari garen pertsonok suntsitu nahi gaituzte kasu gehienetan».

Emakume publikoak

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministro ohiak makina bat eraso jasaten ditu sareetan. Jasotzen dituen mezuetan, haren jardun politikoa epaitu baino gehiago, mezu matxistak jasotzen ditu. Duela bi urte, berriz, Frantziako 150 emakume kazetarik salatu zuten sareetako sexismoaren, jazarpenaren eta diskriminazioaren biktimak izan zirela.

Lindanek dio emakume diskretua ez izateak kritika eta eraso uholdea ekar dezakeela bueltan: «Guk egiten dugun lana publikoa da, gure aurpegia publikoa da, eta hori gizarte matxista batean onartezina da. Diskretua ez izate horrek zigor handi bat dakar beti gure gizartean». Varelak, emakume batek kalean paira dezakeen erasoarekin alderatzen du sareetako emakume publikoen jarduna. Isilik egoteko edo txio gutxiago idazteko esaten diote askotan ingurukoek; kazetariarentzat, ordea, horrek, «badaezpada ez jantzi gona motza» esaldiak duen pisu berbera dauka.

Sareetako erabiltzailearen soslai batek, eguneroko bizitzan ematen diren jazarpenekin alderatuta, emakume gehiagori eraso diezaioke, kontrolatzeko gaitasuna askoz ere iraunkorragoa da eta. Hori bera ikertu du Serrak: «Indarkeria fisikoak gertatzen direnetan, talde antolatuen laguntza jaso dezakegu; baina teknologikoetan, askotan, ez daukazu aukerarik ihes egiteko, telefonoa ohe alboan dugula egiten baitugu lo, eta, gainera, ezin dugu alde batera utzi».

Sare sozialen aldaketak etengabeak dira, etengabe eboluzionatzen dute gizartea mugitzen duten eskakizunei eta interesei erantzuteko. Lindaneren iritziz, erantzun legalek ere etengabeko aldaketari erantzun beharko liokete: «Buzoian mehatxu gutun bat sartuko balidate, ondorio legalak izango lituzke. Beraz, zergatik onartzen da biolentzia hau? Eskuin muturreko matxistek astakeria ikaragarriak esaten dituzte, eta ez da ezer pasatzen. Beraiek sortzen duten biolentzia guztia boterearen partetik dator, zerikusia du boteretik idazten den kontakizunarekin».

Erantzun kolektiboa

Gaur egun eraso birtualekin lotutako salaketa gutxi jartzen dira. Serrak dio, erasoak salatzean, ezagutza falta dela medio, salaketek ez dutela aurrera egiten: «Prozesu sozial eta juridiko honetan aurrera egin behar dugu. Ezin izango da indarkeria digitala eten gizarte zibil antolatuaren, erakundeen eta sektore pribatuaren artean koordinaziorik egon gabe».

Hamaika erantzun kolektibo antolatu dira kaleko eraso matxistei erantzuteko. Mundu digitalean, aldiz, lan handia dago egiteko Lindaneren, Varelaren eta Serraren iritziz. Oraindik ere, autodefentsaren estrategia berriak sortu behar direla aldarrikatu du Varelak; sare sozialetarako erantzun kolektibo feminista berria.

Ane Lindaneren ustez, «nolabaiteko legediren bat» egon beharko litzateke, baina, aldi berean, ohartarazpen bat egin du: «Kontuz ibili behar gara matxismoaren diskurtso digitala ez erreproduzitzeko. Azkenean, hori lortu nahi dute, gu isilaraztea eta itzalean geratzea».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.