Sakabanaketa salatzeko, zapi kateak osatzera deitu dute abenduaren 10ean

Baionan, Iruñean eta Gasteizen deitu ditu protestak Etxerat-ek.Giza Eskubideen Egunean presoen egoera azaleratu nahi du elkarteak

Etxerat-eko kideak atzoko agerraldian, zapi katea irudikatzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, sakabanaketaren aurkako zapi kateak osatuko ditu Etxerat-ek Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Euskalpresoek eta haien senide eta lagunek pairatzen dituzten «giza eskubideen urraketak» salatuko ditu elkarteak mobilizazioekin. Etxerat-ek bere bereizgarri diren zapi zuriekin kateak osatzera deitu ditu euskal herritarrak. Hiru hiriburutan egingo ditu. Gasteizen egingo da zapi katerik luzeena: Frai Francisco Vitoria Ibilbidean hasiko da, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, eta handik Ajuria Enea jauregiaren aurretik igaroko da Eusko Legebiltzarreraino. Baionako zapi katea, berriz, Renne Cassin Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren agiriaren egilearen etxetik herriko etxera osatuko dute, 18:30ean. Iruñean egingo dute hirugarren zapi katea, 12:00etan, legebiltzarrean bertan.

«Elkartasunaren» zapi kateak osatu nahi dituztela azaldu dute Izaskun Abaigar Etxerat-eko kideak eta Iñaki Gabilondo Alicia Saenz de Lacuesta presoaren bikotekideak. «Salaketa eta konpromisoaren» kateak ere izango direla esan dute. Hala, horietan parte hartzeko deialdi «berezia» egin diote euskal gizarteari. «Sakabanaketa amaitu behar dugu, sakabanaketa salatu egin behar dugu eta giza eskubideen aurkako erasoei amaiera jarri behar diegu», azpimarratu dute. Ezinbestekotzat jo dute ahalik eta jende gehienak parte hartzea: «Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak. Sor ditzagun guztion artean giza eskubide guztien aldeko zapi kateak».

«Egun berezia da»

Ajuria Eneko jauregiaren aurrealdean eman dute zapi kateak osatzeko deialdiaren berri, Gasteizen. Zapi katea irudikatu duten hainbat lagunekin batera egin dute agerraldia. Gogoratu dute abenduaren 10a «egun berezia» dela nazioartean, baina baita sakabanaketa politikaren ondorioak pairatzen dituzten euskal herritarrentzat ere. «Egun berezia da astebururo, une oro, gure eskubideak eta hainbeste maite ditugun senide eta lagunenak urratuak direlako sistematikoki».

Gogoratu dute Euskal Herriak egun duen egoera politiko berrian oraindik ere eskubideak etengabe urratzen direla. Ildo horretan, salatu dute euskal presoak eta beren senideak direla gaur egun gatazkaren «zuzeneko biolentzia eta erasoa» pairatzen dutenak. Presoak «lehen bezain urrun edo urrunago» egotea da horren erakusle, haien esanetan. Adibide modura jarri dute Alicia Saenz de Lacuesta presoaren kasua: Logroñotik Castelloko espetxera (Espainia) urrundu dute, «mendeku» gisa.

Eskubideen urraketa ez da hor amaitzen, Etxerat-eko kideen arabera. Besteak beste, gogora ekarri dute astebururo senideak «milaka eta milaka kilometro egitera behartzen» dituztela, larriki gaixo dauden presoen aurkako espetxe politika «krudela eta basatia» dela, eta presoen aurkako eraso fisikoak eta senideekiko «jazarpenak» etengabeak direla. Sakabanaketa politikak, gainera, azken hogeita bost urteotan hamasei hildako eragin dituela eta aurten bakarrik hamar istripu izan direla oroitu dute. Hori guztia amaitzeko garaia dela ohartarazi dute Etxerat-ekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.