Sakana Bizirik taldeak salatu du Olatzagutian hondakinak errausteko asmoari berrekin diola Portlandek

Cementos Portlandek berriro jarri du martxan bere porlan fabrikan hondakinak errausteko plana. Nafarroako Gobernuak baimena eman dio enpresari, eta hark proiektuari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du.

Gaur Altsasun eman duten prentsaurrekoa. SAKANA BIZIRIK
Gaur Altsasun eman duten prentsaurrekoa. SAKANA BIZIRIK
inaut matauko rada
2025eko urriaren 16a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cementos Portlandek ez du amore eman, eta berriro aktibatu du Olatzagutiko (Nafarroa) plantan errauste azpiegitura bat egiteko proiektua. Joan den hamarkadan ere saiatu zen, baina oraingoan badu gehiago alde, Nafarroako Gobernuak baimena eman baitzion irailean aldaketa hori egiteko. Albiste horrekin haserre, Sakanako hainbat herritar elkartu egin dira gaur Altsasun (Nafarroa), Sakana Bizirik-ek deituta, proiektuaren kontrako jarrera azaltzeko. Esan dutenez, aurreko hamarkadan eskualdeko jende asko mobilizatu zen proiektuaren aurka, baita tokiko erakunde asko ere; hori dela eta, bertan behera geratu zen, baina berriro borroka pizteko beharra ikusi dute, Nafarroako Gobernuak emandako baimena dela eta.

«Duela urte batzuk Altsasuko, Sakanako eta inguruko herrietako herritarrek irmoki baztertu zuten jada [proiektua], baita udalek, mankomunitateek, sindikatuek, gizarte kolektiboek eta alderdi guztietako talde politikoek ere», azaldu dute. Uste dute gaitzespen horrek «borroka paregabea» piztu zuela bere garaian, eta enpresak amore eman behar izan zuela. Hala ere, oraingoan gauza ezberdina dela uste dute, «Nafarroako Gobernuaren baimen ulergaitza» baitu alde enpresak.

Nafarroako Gobernuak emandako baimena irailaren 26an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, horren arabera, «biomasa hondakinen balorizazio energetikorako instalazioa» da enpresak bertan egin nahi duena. Sakana Bizirik-ek, berriz, uste du «hondakinen balorizazioa deritzona negozio zikin berri bat besterik ez» dela, «hondakinen arazoa korporazio handientzako onura iturri bihurtzeko beste modu bat». Garbi dute herritarren osasunaren eta ingurumen orekaren kontrako proiektua izango dela, eta «aurrerapenaren eta garapen ekonomikoaren izenean inposatutako» azpiegitura bat dela.

Carlos Slim milioidun mexikarra dago Cementos Portland enpresaren atzean orain, eta Sakana Bizirik-eko kideek uste dute jabe berriei ez zaizkiela axola jendearen bizitza, osasuna eta eskualdearen etorkizuna: «Irabaziak handitu besterik ez dute nahi, gure herriak hondakin industrialen zabortegi bihurtuta ere». Gainera, kapitalismoaren azken urteetako «estrategia global» baten parte dela uste dute, «mugarik gabe ustiatzeko, kontsumitzeko eta xahutzeko, lurralde osoak degradaziora kondenatuz».

Bestelako azpiegiturak ere bai

Sakana jada azpiegitura handiz saturatutako eskualde bat dela uste dute plataforma berriko kideek, eta abiadura handiko trena eta tentsio handiko linea jarri dituzte adibidetzat, baina, bestalde, desindustrializazio progresiboa eta tokiko ekonomiaren abandonua bizitzen ari direla ere nabarmendu dute.

Uste dute proiektu horiek guztiek «kapitalaren interesei» erantzuten dietela, «eta ez jendearen beharrei», eta larritzat jo dute Nafarroako Gobernuak baimen hori eman izana; are gehiago jakinda «aurrerakoi gisa aurkeztu» dutela. Hori dela eta, enpresen interesen «kudeatzaile otzan» bat izatea leporatu diote gobernuari, «eredu ekonomiko jasanezin baten ondorioak estaltzeko» helburuarekin Sakana, Lautada eta beste hainbat eremu «sakrifizio gune bihurtuz».

Uste dute, gainera, zementu fabrika bat «inoiz» ez dagoela prest halako azpiegitura bat jasotzeko, eta garbi utzi dute ez dituztela onartuko «ez enpresaren engainuak, ezta Nafarroako Gobernuaren inposizioak ere». Hala, eskatu dute baimen oro «berehala baliogabetzeko», eta «benetan jasangarriak diren politikak» martxan jartzeko, baita hondakinen ekoizpena murrizteko eta berrerabilera eta kontsumo arduratsua sustatzeko ere. Tokiko erakundeei eta alderdiei ere dei egin die proiektuaren aurrean «jarrera argia eta koherentea» izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.