Egun guztietan eta ordu guztietan erabiltzen diren tresna oso ahaltsuak dira gaur egun eskuko telefonoak, eta haien erabilerak haur eta nerabeengan izan ditzaketen ondorioek arduratuta hainbat familiak bultzatutako mugimendua da Altxa Burua. Helburu behinena du gailu horiek izateko adina 16 urtera arte atzeratzeko ahaleginak egitea eta, bide batez, gaiaren gaineko gogoeta sustatzea. Familia askotan piztutako kezkak bideratzen asmatu du mugimenduak, eta horren erakusgarri da izan duen hazkundea: 150 bat taldek osatzen dute gaur egun, Hego Euskal Herri osoan. Eta emaitzak ikusten ari dira: taldeak martxan diren tokietan, nerabeek beranduago dituzte eskukoak. Herrialdekako topaketak egin izan dituzte aurretik, baina larunbatean dute herrialde guztietako ordezkariak batzeko lehena: Eibarren izango da, Hezkuntza Esparruan. Goizeko saioa izango da, 10:00etan hasita. Miren Ros Aiartzaguena (Eibar, Gipuzkoa, 1975) izan da mugimenduaren sustatzaileetako bat, eta badabil topaketaren antolaketa lanetan ere. Oraindik mugimendura batu gabe daudenek ere parte hartzeko modua izango dutela esan du: «Irekia izango da».
Lehen aldiz elkartuko zarete mugimenduko talde guztiak. Zer egitarau antolatu duzue topaketarako?
Francisco Villar gonbidatu dugu: psikologoa da, suizidioaren prebentzioan aditua, ahaltsua. Hitzaldi bat emango du. Gero, Altxa Buruaren barruan hiru azpitalde jardun gara lanean, eta azpitalde horiek aurkeztuko dugu zer lanketa egin ditugun. Gero monologo bat izango da, umorea ere sartzeko gai honetan, eta bukaeran jendea animatuko dugu; izan ere, mugimenduan denbora daramagunok erre egiten gara, nekatu egiten gara, eta konturatzen ari gara zenbait tokitan erreleboa falta dela.
Hainbat eskabide jarri izan dituzue martxan zuen helburuetan aurrera egiteko. Eusko Jaurlaritzari, esaterako, eskatu izan diozue eskoletan eskukoak debekatzeko. Ez du halakorik egin. Debeku hori ezarri ez duen gobernu autonomiko bakarra da. Zertan da eskari hori?
Ez dakit zenbat aldiz eskatu dugun eskolak arnasgune bihurtzeko: eskuko telefonorik gabeko guneak. Egia da ikastetxe gehienek, LH Lehen Hezkuntzan bereziki, beren barne araudietan sartu dutela eskukoak eramateko debeku hori, baina ez dute lege baten edo dekretu baten babesik, eta klaustroak biluzik bezala daude horretan. Behin eta berriz eskatu diogu Hezkuntza Sailari, baina ezezkoa, ezezkoa eta ezezkoa. Argudioa beti izan da, komunitatearen hausnarketa baten ostean, ikastetxe bakoitzaren autonomiaren esku utzi nahi dutela hori. Ikastetxe guztiei protokolo bat aurkezteko ere eskatu zieten lehengo ikasturtean, eta gehienek, baina oso nabarmen, adierazi zuten ez dutela nahi eskukoak eskoletan sartzea. Izan ere, oso nabarmena da: sakelako telefonoa motxilan izan arren, itzalita eduki arren, gazteen arreta hor dago.
«Ikastetxe gehienek barne araudietan sartu dute eskukoak eramateko debekua, baina ez dute lege baten edo dekretu baten babesik, eta klaustroak biluzik bezala daude horretan»
Hastapenekin alderatuta, ikusten duzue aldea. Handitu da gaiaren gaineko kontzientzia?
Egundoko aldea dago, egundokoa: asko aldatu da. Alde batetik, guk eman dugun matrakarengatik, baina baita ikerketa asko atera direlako ere: terapeutak, medikuak, irakasleak... Denak ikusten ari dira gazteak nola dauden. Horrek ekarri du galdera: «Zertan ari gara?». Askoz ere gehiago hitz egiten da gaiari buruz, eta askoz ere kontzientzia handiagoa dago. Baina, hala ere, gurasoek gure aldarrikapenak egingo ditugu, Eibarren ehun pertsona baino gehiago elkartuko gara larunbatean, baina gu gurasoak gara, eta iristen garen punturaino iristen gara. Beste erakunde batzuk behar ditugu, beste maila batzuk: legeak, estrategiak, kanpainak... Izan ere, gu ez gara mundu guztiarengana iristen. Oraindik ere, guk egiten ditugun hitzaldietara-eta etortzen diren gurasoak askotan dira aurrez ere kontzientzia handiena dutenak, behar gutxiena dutenak. Iristen ez garen horiengana iritsi behar dugu: zaurgarri diren familietara, batez ere. Demagun kasu tipiko bat: bi gurasoak ostalaritzan lanean ari diren bikote bat. Ezin dira beren haurrekin nahi luketen guztia egon, eta pantaila bati begira uzten dituzte. Haiengana ere iritsi behar dugu, eta haiengana iristeko eta laguntza eskaintzeko beste estamentu batzuetara jo behar dugu. Guk bakarrik ezin dugu; ahal duguna egiten dugu, era boluntarioan, eta ilusio guztiarekin, baina guk baino botere gehiago duten horien laguntza behar dugu.
Badira aurrerabideen adibideak mundu zabalean. Nondik ikas daiteke?
Australian legez ebatzi da, adibidez, 16 urtetik behera sare sozialik ez izatea: Whatsapp eta Youtube kenduta, besteak ezin dira eduki. Hor zer da niretzat zoragarria? 14 urteko gaztetxo batek Tiktok jaisten badu Australian, isuna ordaintzen duena Tiktok da; ez da gaztea, ezta haren gurasoak ere. Hainbat herrialdek EB Europako Batasunean aurkeztu dute horren antzeko proposamen bat, baina oraindik zer emango zain gaude.
«Gu ez gaude teknologiaren kontra, ezta sakelakoen kontra ere. Arazoa da gaizki erabiltzen dela, eta, guk gure probetxurako erabili beharrean, berak erabiltzen gaituela»
Entzun al dizuete?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila pareta handi bat da gaur egun. Gehiago entzutea behar dugu. Zeren eta gu ez gaude teknologiaren kontra, ezta sakelakoen kontra ere, ezta gutxiago ere. Arazoa da gaizki erabiltzen dela, eta, guk gure probetxurako erabili beharrean, berak erabiltzen gaituela.
Helduon erabileraren gaineko gogoeta ere ezinbestekoa da gazteei bidean laguntzeko, ezta? Izan ere, helduon erabilera ere okerra da askotan.
Bai, eta horregatik zenbait guraso epaituak senti daitezke gure mugimendu honekin: guk ez dugu inor epaitzen, gu gara hor erortzen garen lehenak, zeren eta tresna hori horretarako sortua da. Beraz, egin dezagun autokritika, baina zentzu onean.