Aroztegiko zazpi auzipetuen aurkako epaiketaren ostean, horiei sostengua emateaz arduratzen den elkartasun komiteak salatu du taldeko bi kidek jazarpena eta irain matxistak pairatu dituztela egunotan. Ohar batean, gertatutakoa azaldu eta eraso matxista oro txarretsi du taldeak.
Salatutako kasuak epaiketaren aurreko prestaketa lanetan du jatorria: Aroztegiko Elkartasun Komitearen izenean Iruñeko epaitegira ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrenda osatu zuen taldeak. «Zerrenda horretan, taldeko kide batek eskatu zuen Baztango mutil-dantzari talde baztertzaileko kide baten izena sartzea, baina talde hori, urte luzez, emakumeak publikoki baztertzen eta haiei erasotzen aritu da Baztango plazetan».
Hori ikusita, pertsona horren izena zerrendatik kentzea erabaki zuen komiteak, «gehiengo zabalaren babesarekin», onartezina iruditu baitzitzaien «emakumeen kontrako erasoetan aktiboki parte hartu duen eta ez aitortzarik ez erreparaziorik egin ez duen» pertsona hori onartzea «guztiontzat segurua izan beharko lukeen espazio batean».
Oharrean diotenez, baina, pertsona horrek taldeko bi kide «publikoki seinalatu zituen Whatsappeko mezu batean», haien gain utzita erabakiaren erantzukizun osoa. «Mezua lau haizeetara zabaldu zen, eta bertan adierazten zenak arriskuan paratu zuen komiteak bere osotasunean hartutako erabakiaren zilegitasuna». Are: seinalamendu horrek «eraso gehiago» eragin dituela salatu du komiteak. «Kideetako bati etxera joan zaizkio jazartzera, eta irainak jasan ditu Whatsapp bidez».
Aroztegiko Elkartasun Komiteak «irmo» salatu du gertatutakoa. «Argi adierazi nahi dugu: taldekideen aurkako eraso matxistak gure talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen ditugu».