Salatu dute Atzerritarren Legearen erreforma «atzerapauso larria» dela iheslarientzat

CEAR-Euskadi eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteen iritziz, 2024a «urte kritikoa» izan da asilo eskatzaileentzat. «Giza eskubideetan oinarrituriko migrazio politikak» eskatu dituzte.

Ezkerretik eskuinera, Elena Valverde, Oscar Fernandez eta Javier Canivell, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Elena Valverde, Oscar Fernandez eta Javier Canivell, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 18a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Urterik urte, gero eta larriagoa da asiloa eskatzen duten errefuxiatuen egoera mundu osoan. Etzi Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da, eta, data horren ingurumarian, esparru horretan lan egiten duten elkarteek aurreko urtearen balantzea egin ohi dute. Aspaldi luzean, mezua antzekoa izaten da agerraldi guztietan: egoera aurreko urtekoa baino okerragoa izaten da. Eta aurtengoa ez da salbuespena izan: CEAR-Euskadi eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteek salatu dutenez, iazkoa «urte kritikoa» izan da babes bila ari diren pertsonentzat, eta mundu osoan bortxaz lekualdatuak izan direnen kopuruak gora egin du berriro. Hego Euskal Herrian babesa bilatzen dutenei dagokienez, Espainiako Atzerritarren Legearen erreforma «atzerapauso larria» dela salatu dute, errefuxiatu eta migratzaileak «are gehiago zigortu eta kriminalizatu» egiten dituelako.

Maiatzaren 20an sartu zen indarrean Atzerritarren Legearen erreforma. Zehar Errefuxiatuekin elkarteko zuzendari Javier Canivellek azaldu duenez, erreformak baditu alde positiboak: adibidez, lan egiteko eta bizilekua izateko baimenak lortzeko prozesuak arindu egin dira, eta bertan bi urtez bizi izana nahikoa izango da bizileku baimena lortzeko; orain arte, epe hori hiru urtekoa zen. Baina asiloa eskatzen dutenei dagokienez, administrazioak haien eskaera atzera botatzen badu, ordura arte igarotako denbora ez da aintzat hartzen.

Canivellen ustez, asiloa eskatzen dutenen kontrako «diskriminazioa» eta «kriminalizazioa» da neurri hori: «Nazioarteko babesa eskatzeko eskubidea erabiltzen dutenei ezarritako zigorra da erreforma, eta ziurgabetasun handia sortu du».

«Diskriminatuta sentitu naiz, soil-soilik asiloa eskatzeko ausardia edukitzeagatik»

OSCAR FERNANDEZKolonbiako iheslaria

Canivellek esandakoa berresteko, asiloa eskatu duen herritar batek bere esperientziaren berri eman du. Oscar Fernandez kolonbiarra da, 2021eko azaroan Espainiara iritsi zen, eta 2022ko abenduan, Euskal Herrira, Bilbora hain zuzen, «segurtasuna eta bizitza berri bat topatzeko esperantzaz beterik». Bilbon, ostatu batek lana eta kontratu mugagabea eskaini zion, eta han hasi zen beharrean, asiloa eskatzen dutenei ematen dieten behin-behineko lan baimenari esker.

Geroztik, eta asilo eskaera ebatzi bitartean, lanean eta «itxaropentsu» egon da Fernandez. Baina iazko urtearen amaieran, Espainiak Atzerritarren Legean sartu nahi zituen aldaketen berri izan zuen: asiloa eskaerari ezezkoa emanez gero, ordura arte Bilbon bizitzen eta lanean emandako denbora guztia ezerezean geldituko zen, eta administrazioak ez zuen aintzat hartuko bizileku baimena emateko. Ataka estuan ikusi zuen bere burua Fernandezek, eta, azkenean, berak nahi ez zuen erabaki bat hartu behar izan du: asilo eskaerari uko egitea.

Eskaera bertan behera utzi izanak lan baimena galtzea ekarri dio, eta, beraz, lana utzi behar izan du. Orain zain dago, sustraituta egoteagatik eskatutako bizileku baimena noiz lortuko. Baina hiru hilabete igaro dira eskaera egin zuenetik, eta administrazioak oraindik ez dio erantzun.

«Diskriminatuta sentitu naiz, soil-soilik asiloa eskatzeko ausardia edukitzeagatik», azaldu du Fernandezek. Lanik egin ezinean egon den denbora tarte honetan, aurreztutako diruari esker bizi izan da, baina zailtasunak izango ditu egoera hori luzatzen bada. Gainera, badaki asiloa eskatu duten beste askok ez dutela aukera hori: «Norbait eskaerari uko egitera behartzen badute, eta baliabiderik ez badauka, zer egin behar du bizileku baimenaren prozedura ebatzi bitartean? Parkera joan eta izarrak zenbatu?».

123 milioi iheslari

CEAR-Euskadiko koordinatzaile Elena Valverdek esan duenez, «gatazkak, indarkeria, egonkortasun politikorik eza eta giza eskubideen urraketak» areagotu ziren iaz, eta horren ondorioa izan da errefuxiatuen kopuruak gora egitea. CEAR elkartearen azken txostenaren arabera, ihes egitera behartutako 122,6 milioi pertsona egon ziren iaz munduan.

Hego Euskal Herriari dagokionez, iaz 9.170 lagunek eskatu zuten asiloa: 1.483k Araban, 4.916k Bizkaian, 1.330ek Gipuzkoan eta 1.441ek Nafarroan. Aurten, berriz, eta maiatzaren 31ra arte, 4.527 iheslarik eskatu dute asiloa Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Horrek esan nahi du kopuruak %10 egin duela gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko lehenengo bost hilabeteetako datuekin alderatuta —Nafarroako datua ez dute eman—.

995.000

Iaz zenbat iheslarik eskatu zuten asiloa Europako Batasunean. Iaz baino %12 gutxiago izan ziren. Alor horretan lan egiten duten elkarteen iritziz, Europak iheslariei jarritako oztopoen ondorio da jaitsiera hori.

Eskaera horiei baiezkoa edo ezezkoa ematea Espainiako administrazioaren esku dago. Batez beste, eskaeren %18,5 baino ez ditu aintzat hartzen Espainiak. Kopuru hori Europako Batasunaren batezbestekoaren oso azpitik dago: izan ere, Europako Batasunean eskaeren %46,6 onartzen dituzte.

CEAR-Euskadi eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteek «legezko bide seguruak» eskatu dituzte babes bila dabiltzanentzat; «iheslariak ez daitezela mafiaren esku gelditu, ez dezatela bidean bizia galdu, eta ez dezatela kalterik jaso», Canivellek esan duenez. Horrez gain, Atzerritarren Legea aldatzea galdegin dute, eta «duintasunean, justizian eta giza eskubideetan oinarritutako migrazio politikak» aldarrikatu dituzte.

Mobilizazioak ostiralean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei bat elkartek agiri bat sinatu dute, eta dei egin diete herritarrei Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira hiru hiriburuetan antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten. Gasteizen, mobilizazioa Andre Maria Zuriaren plazan izango da, 18:30ean; gainerakoak 19:00etan izango dira, Donostiako Aquariumean eta Bilboko Arriaga plazan. Diskriminaziorik gabeko harrera izango da mobilizazioen goiburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.