Zezenketak

Salatu dute aurten ere "zezen triskantza" izango dela Donostian

Zezenketen kontrako manifestazio bat egin dute bulebarretik abiatuta. Protestaren deitzaileek salatu dute Donostiako Udala galdeketa bat egiteko debekuan babesten dela "herritarren borondatea" ez gauzatzeko.

Zezenketen kontrako manifestazioa, gaur, Donostian.
2019ko abuztuaren 14a
21:15
Entzun

Ehunka lagunek egin dute bat zezenketen kontrako manifestazioarekin, gaur, Donostian. Eguzki talde ekologistak, Askekintza elkarte antiespezistak eta Donostia Antitaurina Orain plataformak deitu dute protestara. Zezenketarik ez. Ez Donostian, ez inon lelopean abiatu dira 18:00etan hiriko bulebarretik.

Herritar talde batek elkarretaratzera deitu du ostegunerako eta ostiralerako, 17:00etan, Illunbeko zezen plazan, eta larunbatean, ordu berean, bulebarrean. "Tauromakiaren basakeria" salatuko dute.

Aitor Main Donostia Antitaurina Orain plataformako kideak gogorarazi du "urteak" daramatzatela Donostiako Udalari azpiegitura publikoak zezenketetarako uzteari buruzko galdeketa bat eskatzen, eta azaldu du elkarrizketak izan dituztela udal gobernuarekin gai horri buruz. Mainen iritziz, udal gobernua "eroso" dago Espainiako Estatuak zezenketei buruzko galdeketa antolatzeko ezarria dion debekuarekin. Salatu du udalak "ongi" ezagutzen duela donostiarrek zezenketei buruz duten iritzia, baina hala ere ez duela borondaterik adierazi hari "bide emateko".

Mainen esanetan, Eneko Goia Donostiako alkatearen gobernua Espainiako Estatuaren jokabidean babesten da zezenketak errazten jarraitzeko, "Illunben zezenketarik ez egotea bere esku dagoenean". Ziurtatu du EAJk eta PSEk "zezenketak herritarren borondatearen gainetik" sustatzen jarraituko dutela.

Hori dela eta, herritarrei dei egin die udal gobernuaren gaineko "presioa handitzera", zezenketak Donostiako Aste Nagusitik "ezabatzea" lortzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.