Salatu dute «makroproiektuek» Araba «korporazio handien» mende jarri dutela

Lurraren defentsan ari diren herrialdeko hainbat eragilek manifestazioa egin dute Gasteizen, babes zabalarekin: 160 udalek, administrazio batzarrek eta kolektibok bat egin dute deialdiaren aldarriarekin.

Manifestazioa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Manifestazioa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 23a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Makroproiektu hauen eskala handiaren helburua ez da gizartearen beharrak asetzea, baizik eta proiektuen sustatzaileei errentagarritasun handia eskaintzea». Hori du muina Makroproiekturik ez! leloa ozentzeko gaur arratsaldean egin duten manifestazioaren aldarriak. Antolatzaileek salatu dute Araban martxan diren hainbat egitasmoren bidez erakunde publikoak «korporazio handien» interesak lehenesten dituen «industria eredua» ezartzen ari direla. Ezinbestekotzat dute beste eredu baten alde egitea, eta lehendik ere egin dituzte hainbat protesta eskari hori plazaratzeko. 18:00etan abiatu da gaur protesta, Bilbo plazatik. 

Lurraren defentsan ari diren hainbat elkartek egin dute manifestaziora irteteko deia, baina aski babes zabala jaso du deialdiak. Udalek, administrazio batzarrek eta askotariko hainbat kolektibok bat egin dute atxikimenduarekin: 160 entitatek baino gehiagok erakutsi dute atxikimendua. Plataforma deitzailean batutako elkarteen artean daude, besteak beste, Aiaraldeko Mendiak, Araba Bizirik, AHTrik Ez Arabako Lautada, Aramaixo Bizirik, Zuia Bidean eta herrialdean halako egitasmoen kontra ari diren beste hainbat.

Euskal Herriko beste leku batzuetan «makroproiektuen» kontra ari diren kolektiboak ere badira tartean, eta horietako batzuetako ordezkariak ere izan dira gaur Gasteizen. Manifestazioaren harira, goraipatu egin egin dute aldarrikapenaren inguruan urteotan lortu den «erantzun kolektibo handia». Manifestazioan «makroproiektuen» bidez bultzatutako eredu orokorraren kontrako pankartak erakutsi dituzte, eta gero beste batzuk izan dira proiektu jakin batzuen kontrako mezuak erakusteko. 

Protestaren harira, zerrendatu egin dituzte auzitan jarri beharrekotzat dauzkaten «makroproiektuak»: AHT abiadura handiko trena, zentral eolikoak eta fotovoltaikoak egiteko egitasmoak, goi tentsioko linearekin lotutakoak, datuak biltzeko zentro handiak, harrobiak, aireportuaren zabalkuntza, eta errepide bidezko merkantzien garraioa handitzeko hainbat asmo. 

Proiektu guztiek ezaugarri bera dute antolatzaileen ustetan: «Eskala handiko etekin ekonomikoa lehenestea, landa eremuen eta ingurune naturalen suntsiketaren bidez». Halaxe azaldu zuten manifestaziorako deia egin zutenean. Gaur berritu egin dute kezka, «lurraldeari entzun beharrean» azpiegitura handiek zedarritutako planez beteta ikusten dutelako herrialde osoa. Eredu horrek dakartzan ondorioak ere zerrendatu dituzte: «Merkantilizazio egoera honek paisaia mintzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta herri basoak desjabetzen dizkigu, landa eremuko bizi proiektuak hausten ditu, eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu». 

Jaurlaritzari kritika

Manifestazioa antolatu dutenak aski kritikoak dira Eusko Jaurlaritzarekin: Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, bereziki, «interes finantzarioen» mende dagoela uste dute, eta proposatzen duen landa eremuen industrializazio ereduak ez dituela kontuan hartzen «tokiko komunitateak» eta haien beharrak. 

Erabaki horien bidez Jaurlaritzak Araba «espekulazio hobi» bihurtu nahi duela uste dute, baina arazoa, hala ere, zabalagoa dela: «Enpresen etekinei lehentasuna ematearen arazo bera dago berdin-berdin Euskal Herriko beste leku batzuetan ere: sustatzaile pribatuak, eta interesdun instituzio publikoen utzikeria berbera eta informazio ezkutatze berbera». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA