Euskararen Defentsarako Sareak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean, salatzeko Nafarroako Gobernuak gaztelania hutsean jartzen dituela errepideetako seinale ugari, «baita legeak eremu euskaldun gisa izendatutakoan ere». Lurralde Kohesiorako Departamentuaren parean egin zuten protesta, eta, Euskararen Defentsarako Sareaz gain, ELA eta Steilas sindikatuak ere batu ziren elkarretaratzera.
Mobilizazioaren antolatzaileek adierazi dutenez, herritar ugarik kexak aurkeztu dituzte Arartekoaren bulegoan errepide seinale elebakarren kontura, baina Lurralde Kohesiorako Departamentuak bizkarra eman die orain arte: «Departamentuak aldiro erantzuten du ez dagoela behartua seinaleak ele bitan jartzera. Argudiatzen dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epai bat eman zuela 103/2017 Foru Dekretuaren kontra, eta jada ez dagoela horretara beharturik».
Arartekoak, hala ere, ez du balekotzat jo argudio hori, eta, orain arte argitaratu dituen gomendioetan, departamentuari gogorarazi dio behartuta dagoela seinaleak ele biz jartzera eremu euskaldunean, «eta Nafarroako gainerako tokietan ez duela inongo eragozpenik seinaleak euskaraz ere jartzeko».
Nafarroako Parlamentuan horri buruz galdetuta, Oscar Txibite kontseilariak erantzun zuen seinaleak ele bitan jartzen dituztela, eta gobernuak men egin diola beti Arartekoaren gomendioei. Horren harira, Euskararen Defentsarako Sareak «gezurretan» aritzea egotzi dio Txibiteri, eta adierazi du kexa horiek guztiak ikusgai direla Arartekoaren webgunean, onartu gabeko gomendio gisa sailkatuta.
Gaztelania hutsean dauden zenbait seinaleren adibideak ere eman ditu elkarteak; adibidez, Nafarroatik Ipar Euskal Herrira doazen errepideetakoak —Francia izena agertzen da horietan, gaztelania hutsean—, eta N-121 A errepideko lanetakoak, Sorauren eta Sunbilla herrien artean.
Euskararen Defentsarako Sareak gogorarazi du, halaber, Nafarroako Gobernuak aurrekontu akordio bat sinatu zuela EH Bildurekin, eta, horren arabera, elebitasuna zaindu behar duela bide seinaleetan eta gainerako karteletan. «Horrexegatik eskatzen dugu errepideetako kartelak euskaraz izan daitezela Nafarroa osoan. Ez dezatela besterik onartu Nafarroako Gobernuko bazkideek eta babesleek».