Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak ontzat jo du UGT sindikatuak jarritako helegitea, eta, ondorioz, euskara ez da merezimendu izango Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusean lan egiteko; alemana, frantsesa eta ingelesa, aldiz, bai. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian LAB eta ELA sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta NUPeko euskara taldeak. «Atzerriko hizkuntzak baloratzen dira; Nafarroako berezko hizkuntzak, ez».
Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiarekin lotu dute auzia: «Beste behin ere, botere judizialak erabaki du euskararen sustapenaren aldeko hizkuntza politikek noraino egin dezaketen aurrera». Dena den, nabarmendu dutenez, atzean euskararen zonifikazioa dago, Nafarroa eta nafarrak hiru eremutan bereizi zituena, eta «bizitokiaren arabera herritarrei eskubide desberdinak» aitortzen dizkiena: «Euskarak hiztun gutxien dituen eremuetan ezin daiteke baloratu; gehiengoaren hizkuntza denetan, berriz, ezin daiteke eskatu, diskriminatzailea omen delako. Bai batean bai bestean, helburua bakarra da: gaztelaniaren nagusitasuna defendatzea kosta ahala kosta».
Are, salatu dutenez, Nafarroako herritarrei ukatu egiten zaie euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea, eta egunero jasaten dituzte hizkuntza eskubideen urraketak. «Izan ere, beste hizkuntza batzuei buruz ari garenean, aberastasunaz eta aniztasunaz hitz egiten dute, baina, euskaraz ari garenean, inposizioaz hitz egiten dute. Ez dute ulertu, edo ez dute aitortu nahi, ofizialtasunak ez liokeela inori ezer inposatuko, milaka herritarri eskubideak aitortu baizik». Gainera, iruditzen zaie aspalditxoan ez dela aurrerapausorik eman ofizialtasunerako bidean: «UPN gobernutik kanporatu eta hamar urtera, ofizialtasunaren auzian ez da aldaketarik izan Nafarroan. Euskarari ez zaio iritsi aldaketa».
Ofizialtasun eske
Horiek horrela, elkarretaratzean «epaitegien azken erabaki erreakzionarioa, atzerakoia eta euskarafoboa» gaitzetsi dute, eta zera eskatu: beharrezko lege aldaketak egiteko euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko «behingoz». «Soilik horrela bermatuko baitzaigu nafar guztioi euskaraz ikasteko, lan egiteko eta bizitzeko eskubidea».