EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 116 presoetatik erdiak baino gehiago erregimen ireki batean daude. Hau da, modu batean edo bestean, kalera atera daitezke, izan zigorra etxean betetzen ari direlako edo egunean zehar lanera, ikastera edo bestelako eginbeharretara joateko ateratzen direlako espetxetik. Halere, oraindik beste 57 geratzen dira erregimen itxian, eta Sare Herritarrak horiengan jarri nahi du arreta asteburuko ekimenarekin. Bi dira egoera horren eragile nagusiak, biak ere salbuespen legedien ondorio.
Egoera askotarikoak daude, baina, Onintza Ostolaza abokatuak azaldu duenez, horiei erreparatzeko ezinbestekoa da bi hamarkada baino gehiago atzera egitea, 2003ra. Izan ere, 7/2003 lege organikoak mugarri bat ezarri zuen, eta haren eraginak oraindik ere nabarmenak dira: gaur egun, 50 presori baino gehiagori eragiten die. «Zigorren betetze oso eta eraginkorrerako erreforma» izena hartu zuen hark, baina Jose Maria Aznar orduko Espainiako gobernuburua are argiagoa izan zen xedearekin: «Kartzelan usteldu daitezela».
Lege aldaketa harekin Espainiako Zigor Kodea moldatu zen, eta gehienezko espetxe zigorrak 30 urtetik 40ra luzatu ziren. Horrekin batera, baina, beste aldaketa bati ere erreparatu dio Ostolazak, Zigor Kodearen 78. artikuluan egindakoari. Legez, zigorraren laurdena bete behar da espetxe baimenak eskuratzeko, zigorraren erdia hirugarren gradua ezartzeko, eta hiru laurdenak baldintzapean aske geratzeko. Artikulu hura moldatu zenetik, ordea, kondena luzeenetan ezarritako zigor osotik —batzuetan, ehunka urte— egiten da kalkulua, eta ez gehienezko espetxealditik. «Horrek ezinezko egiten du irteera baimenak edo hirugarren graduak lortzea», kritikatu du Ostolazak, esanez eragin zuzena duela presoen espetxe ibilbidean.
Salbuespen bat aipatzen du artikuluak berak: Espetxe Zaintzako Epaitegiak baimendu dezake ohiko zenbaketa aplikatzea. Halere, baldintza gogorragoak ezartzen ditu hirugarren graduen eta baldintzapeko askapenen kasuan: zigorraren lau bosten eta zazpi zortziren betetzea, hurrenez hurren. Hau da, 40 urteko zigor baten kasuan, 32 urte beharko lirateke progresioa eskuratu ahal izateko, eta 35 baldintzapean ateratzeko. 2003aren aurretik ezarrita zegoen zigor osoa baino gehiago da.
Erregimen itxietan dauden presoentzako beste galga handia 7/2014 lege organikoa da, Frantzian betetako zigor urteak zenbatzeari dagokiona. Hura iaz indargabetu zuen Espainiako Kongresuak, baina haren eraginak apenas nabaritu dituzten. «Oraindik ez dugu lortu azarotik indarrean dagoen lege aldaketa bat aplikatzea. Oso motel doa. Ez dago intentzio onik», salatu du Ostolazak, esanez Auzitegi Nazionala ebazpenak atzeratzen ari dela dokumentazio eskaerak eginez.
«Borondatea behar da. Legeak bere mugak ditu, baina interpretagarria da, eta malguago jokatu daiteke»
ONINTZA OSTOLAZAAbokatua
Erreforma onartu ostean, Sare Herritarrak iragarri zuen 50 preso ingururen espetxe egoeran eragingo zuela, baina oraingoz bi ebazpen soilik iritsi dira: martxoan geratu zen aske Balbino Saenz Olarra, eta apirilean indargabetu zuten Alberto Plazaola atxilotzeko agindua. «Lortuko dugu, baina jada badu eragin bat. Batzuek jada zigorraren laurdena edo erdia betea izango lukete, espetxe ibilbidean aurrera egiteko, baina hori zenbatzen ez duten bitartean aukera hori galtzen ari dira», esan du abokatuak. Izan ere, preso ugari daude zain, noiz iritsiko baimenak, hirugarren graduak edo, zuzenean, askatasuna eskuratu ahal izateko ebazpen horiek.
Zirrikitu bat
Oztopo horiek eta, batez ere, Zigor Kodea berriz aldatzeko zailtasuna kontuan izanik, Ostolazak adierazi du bestelako «zirrikituak» bilatu behar direla preso horien etxeratze bidean urratsak egiteko, eta horretarako instituzioen «borondatea» ezinbestekoa da: «Legeak bere mugak ditu, baina interpretagarria da, eta malguago jokatu daiteke».
Zirrikitu horietako bat da espetxe araudiko 100.2 artikuluaren erabilera. Hark aukera ematen die espetxeetako tratamendu batzordeei hirugarren graduari dagozkion ezaugarriak aplikatzeko bigarrenean dauden presoei, eta, gaur egun, EPPK-ko hemeretzi kide kalean ibil daitezke hari esker.
Ostolazak uste du oso tresna erabilgarria dela, baina gehitu du «modu murriztailean» erabiltzen dela. Batetik, hartara irits daitezkeen presoen kopurua kontuan izanik, gutxiri ezarri zaielako. Bestetik, hura erabiltzeko modua ez zaiolako «duina» iruditzen. «Familiarekin edo inguruarekin modu lasai batean gizarteratzeko erabili beharrean, denboran oso neurtuak izaten dira, eta presoarengan estres egoerak sortzen ditu», salatu du.
Hala, hura sustatzeko borondatea eskatu die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu batzordeei eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari: «Abaniko zabal bat ireki dezake. Egunero ateratzeko aukera ematen du, ikasketetarako, praktikaldietarako, lanerako edo senideren bat zaintzeko, baita, zergatik ez, asteburuetan ere». Iraganean erabili izan da, besteak beste, preso gaixoek zigorra etxean betetzeko ere.
Izan ere, Ostolazak esan du presoek espetxean jarraitzen duten bitartean gatazkaren ondorioek hor segituko dutela, eta horri erantzutea ezinbestekoa dela: «Euskal Herriko jendartearen ardura izan behar du gatazkaren ondorioak ondo ixteak, eta ondo ixtea da preso hauek ere dagozkien eskubideak izatea eta etxeratzeko bidea egitea».