Behin betiko konponbidea eskatzeko eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezaten galdegiteko, puzzle bat osatu nahi du Sare Herritarrak. Puzzle hori osatzeko, Euskal Herriko 28 herri zeharkatuko dituzte asteburuan. Osotara 544 kilometro eginen dituzte, eta herri bakoitzean hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Iruñean amaituko da Puzzlea osatu arte! ekimena, Udaletxe plazan.
Ibilbidea Lesakan (Nafarroa) hasiko dute, larunbatean, 10:00etan. Gipuzkoa igaro ondoren, Bizkaira joanen dira, eta 19:00ak aldera Galdakaora iritsi. Igandean, Berangon hasiko dute bidea; Bizkaia eta Araba gurutzatuko dituzte, eta 19:00ak inguruan iritsiko dira Iruñera, han eginen baitute ekimenaren amaierako ekitaldia.
Ekinaldia aurkezteko agerraldia egin du Sare Herritarrak gaur goizean, Iruñean. Mikel Mundiñano Sareko kideak adierazi duenez, salbuespen lege eta politikak oztopo dira oraindik etxerako bidea egiteko duten 57 presoentzat. Sareko kideek ezinbestekotzat jotzen dute gatazkak utzi dituen ondorioak behingoz amaitzea, behin betiko konponbidea lortzeko eta elkarbizitza agertokietara jauzi egin ahal izateko. «Horregatik azpimarratuko dugu euskal gizarteak eta gure herriek puzzlea osatzeko duten beharra», esan du Mundiñanok.
Konponbide eske
«28 herrietan konponbiderako puzzlearen zatiak jasoko ditugu, banaka-banaka», adierazi du Sareko kideak. 28 herri dira oraindik presoak erregimen itxian dituztenak, eta, erakundeak adierazi duenez, haien nahia da konponbide horretara iristea. «Euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea hasteko duten beharraz ari gara. Biktimak aitortuak izateko eta egia jakiteko duten beharraz ari gara», gehitu du Mundiñanok.
«Euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea hasteko duten beharraz ari gara. Biktimak aitortuak izateko eta egia jakiteko duten beharraz ari gara»
MIKEL MUNDIÑANO Sareko kidea
Sareko kideen esanetan, espetxe eta gizarteratze politikek zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen diete preso guztiei, oro har. Euskal presoei dagokienez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 116 presoetatik 57 ari dira egun zigorra erregimen itxian betetzen. Salbuespen politika da horren arrazoia; lege arrunta aplikatuko balitzaie, euskal preso guztiek beteko lituzkete kalera irteten hasteko baldintzak.
Agerraldia egin duten leku berean amaituko da asteburuko ibilbidea. Joaldunek harrera eginen diete parte hartzaileei Udaletxe plazan, eta amaierako ekitaldia han bertan eginen dute. Arratsaldean, kontzertu akustikoak izanen dira Iruñean, eguna girotzeko. Bolbora, Zaunka, Skabidean eta Fermin Balentziak joko dute.