AHT abiadura handiko trenaren proiektua geratuta dago egun Nafarroan. Ikusteko dago, ordea, gobernu berriak zer egin asmo duen tren ereduarekin. Atzo, Ezkerrak hala eskatuta, parlamentuko osoko bilkuran Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoak argitu zuen Nafarroarentzat «lehentasunezkoa» dela eredu misto baten alde egitea, eta bidaiarien eta merkantzien trenaren alde apustu egitea. Era berean, azpimarratu zuen Kantauri zein Mediterraneoko ardatzen barruan sartzea lortu behar lukeela Nafarroak. Aierdiren arabera, Europako Batasunak ezarritako irizpideak ez zituen aintzat hartu UPNren gobernuak, eta orduko 300 kilometro abiadurako bidaiari trenarekin «tematzea» egotzi zion.
Etorkizunera begira, salgaien trenen garrantzia azpimarratu du Aierdik. Bere esanetan, salgaien %1 baino gutxiago garraiatzen da trenen bidez. EBk lehentasunezkotzat jotzen du bidaiari eta merkantzia trenen eredu mistoa, eta bere sarean estrategikotzat jo du, era berean, Atlantikoko eta Mediterraneoko korridorea.
Sarearen barruan izateko hainbat baldintza tekniko ezartzen ditu EBk: trenbide osoak elektrifikazioa izatea; ardatz bakoitzeko zama 22,5 tonakoa izatea gutxienez, eta 770 metro luzerako trenak ibili ahal izatea; ERTMS trafikoa kudeatzeko sistema europarra izatea eta bidearen zabalera europarra izatea, besteak beste, gehienez %1,5eko malda izanez. Aierdik argitu du baldintza bakarra baino ez duela betetzen egun Nafarroak. «Epe luzera azpiegitura handiak behar ditu eta baldintza horiek egun ez betetzeak berebiziko garrantzia du».
Lehendakariordeak zehaztu duenez, Europako Batasunak deialdi bat ireki die estatuei, proiektuak sare horretara egoki ditzaten. Nafarroak ez du eskumenik proiekturik eskatzeko, eta horregatik, duela bi aste Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin bildu zenean, bi eskaera egin zizkion: Iruñea eta Gasteiz arteko sarean ERTMS sistema ezartzea, eta Noaingo zona intermodala luzera handiko trenek maniobratu ahal dezaten egokitzea. «Estatua ez nuen oso motibatuta ikusi proiektua aurkezteko», onartu du.
AHTari dagokionez, UPNren gobernuaren eta Espainiako exekutiboen hasierako asmoak «errealitateak gainditu ditu», Aierdiren esanetan. Bere ustez, Europatik ezarritako politikek atzean utzi dute eredu hori, eta finantzaketa «txarra» zen. Gainera, UPNren garaian Nafarroak Campanas eta Castejon arteko zatirako jarritako 71 milioi euroetatik Espainiak oraindik ez ditu 30 milioi itzuli.
Aierdik gaineratu du Europako Batasuna aztertzen ari dela Iruñea eta Euskal Y-arekin lotura Atlantikoko korridorean sartzea, eta, hala, gobernuak aurrekontuetan diru sail bat jaso du lau lotura posibleen aukera aztertzeko.
EH Bilduk ponentzia nahi du
EH Bilduko Adolfo Araizek argi utzi du bere taldea AHTaren aurka dagoela, «argi eta garbi». Bere ustez, komenigarria da tren ereduari buruzko eztabaida parlamentuko ponentzia batek egitea. Ahal Dugu-k bat egin du.
Salgaien eta bidaiarien tren ereduaren alde egin du Aierdik
EBren irizpideekin ahaztu eta abiadura handiarekin «tematzea» egotzi dio UPNri.'Euskal Y'-arekiko lotura aztertzen ari dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu