Ospitaleak, polit jartzen saiatu arren, leku arrotzak dira. Baina, batzuetan, gaixoarekin hitz egin behar duzu, edo senideekin bildu, albiste txarrak eman... eta leku erosoak behar dira, gai intimoei buruz mintzatzeko toki seguruak». Zaintza aringarrietako unitatearen barruan Laguntza Emozionalerako Zentroa ireki berri du Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleak (Bizkaia), Caixaren gizarte ekintzak lagunduta. Erietxeko laguntza psikosozialerako proiektuko zuzendari eta mediku Julio Gomezek atzo azaldu duenez, bertan dauden gaixoei logelatik kanpoko gune «erosoa, beroa» eskaintzea da helburua.
Zaintza da ospitalearen «apustuetako» bat, gaixoena edo hilurren daudenena, baita haien senideena ere; erietxean bertan, baita etxean ere. Zaintza aringarrietako unitatea erreferentziazkoa da Bizkaian, arreta osoa eta diziplina anitzekoa eskaintzen duelako, «samin fisikoaz gain emozionala eta espirituala ere» tratatzen baititu.
Atzo inauguratutako gunearen bidez, beste min hori baretu nahi diete gaixoei. Egongela handi bat da, telebista, liburu, ordenagailu, musika eta infusioz hornitua, horien bidez eta ospitaleko boluntarioekin batera zenbait jarduera egin ahal izateko: erlaxatu, pintatu, memoria landu eta gogoratu, hausnartu, antzeko gaitzak dutenekin komunikatu... Horretaz gain, beste bi gela txikiago daude, «indibidualizatuak», familiakoekin edo osagileekin lasaiago egon ahal izateko. «Ospitaleratuta egon behar dutenek etxetik hurbilago senti daitezen nahi dugu».
Samin emozionala baretzeko guneak
Gaixo kroniko edo hilurrenentzat zein sendientzat espazio «erosoa, beroa» ireki dute Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko zaintza aringarrietako unitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu