San Josek barkamena eskatu die Monbarreko biktimen senideei: «Lau hamarkadako absentzia instituzionalagatik»

'Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik' erakusketa aurkeztu dute Donostian. San Josek arbuiatu egin ditu GAL «harro» defendatu dutenak, eta Egiari Zor-ek ordezkari politikoei eskatu die hitzak eta keinuak «zaintzeko».

San Jose, gaur arratsaldeko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
San Jose, gaur arratsaldeko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 29a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu eta PSE-EEko kideak Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik erakusketa baliatu du atentatu hartan hildako lau lagunen senideei barkamena eskatzeko. «Lau hamarkadako absentzia instituzionalagatik eta isiltasun sozialagatik» eskatu die barkamena, eta abagunea baliatu du GALen jarduna «harro» defendatu dutenei erantzuteko ere: «Haiei mintzo natzaie haien hitzak gaitzesteko, esateko haien hitzek min handiagoa sortzeko baino ez zutela balio izan». Gogora-k antolatu du erakusketa, baina PSE-EEk ere, alderdi gisa, garrantzi berezia eman dio aurkezpenari, han baitziren alderdiko lau sailburu eta Eneko Andueza idazkari nagusia.

Ostegunean bete ziren 40 urte GALek Jose Mari Etxaniz, Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide ETAko kideak hil zituenetik, eta urteurrenaren harira muntatu du Gogora-k erakusketa, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. San Joseren esanetan, hark helburu du adieraztea hilketak «krudelak eta bidegabeak» izan zirela, eta haien inguruan urteetan nagusitu den isiltasunak eragindako mina arindu nahi du: «Badakit erakusketak mina gutxieneko batean arindu besterik ezin duela egin, baina ziur nago bide luze baten lehen pausoa dela».

Sailburuak, baina, beste xede bat ere ezarri dio erakusketari: «zuzenbide estatuaren mugen» inguruko hausnarketa bat sustatzea. «Salaketa eta gaitzespen irmo bat izan nahi du, herritarrak babesteko eta balio demokratikoak defendatzeko agindua izanik, legez kanpo eta zuzenbide estatutik kanpo jardutea erabaki zutenengandik, estatuaren mekanismoak erabiliz erakunde terrorista bat finantzatu eta mantendu zutenengandik».

Zuzenean erreparatu die GALen jardunaz «harro eta lotsagabe» hitz egin dutenei ere. «Min handiagoa sortzea», «demokraziaren sinesgarritasuna urratzea» eta «bere sustraiak balio demokratikoen defentsan dituen alderdi politiko baten izena zikintzea» egotzi die, PSOEri erreparatuz. Hark ez du izenik eman, baina estatuaren biktimek eta haien inguruko eragileek behin eta berriz salatu dute Jose Barrionuevo Barne ministro ohiak, Rafael Vera Segurtasunerako estatu idazkari izanak eta beste zenbait kargudunek birbiktimizatu egin dituztela euren esanekin.

Borondatea

Monbarren hildako lau lagunen senideek ere hartu dute hitza, bideo baten bidez. Hura erakusketan ikusi ahal izango da, eta agerian uzten ditu hilketek eta horien inguruan hamarkadetan nagusitu den jarrerak eragindako «amorrua» eta «pena». «Sekula ez dute gurekin kontsideraziorik izan, ez da barkamenik izan», dio hartan Begoña Arbelaizek, Agustin Irazustabarrenaren bikotekideak. Eta hark bezala, beste zenbaitek ere Espainiako Estatuari eta PSOEri exijitu diote behingoz onartu eta argitu dezatela gertatutakoa.

(ID_15367621) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-09-29, Donostia. ‘Monbar hotela, 1985
Alonso, ordezkari politikoei erakusketa azaltzen. GORKA RUBIO / FOKU

Halere, senideek ontzat jo dute Gogora-k azken hilabeteetan eurekin izan duen jarrera. Hala esan du haien izenean Egiari Zor-eko kide Ainara Esteranek: «Eskerrik asko senideekin izandako begiruneagatik, gertutasunagatik eta eskainitako tratuagatik». Egiari Zor-eko kideak adierazi du hori dela bidea, eta «tirabirak» izan arren «elkarrizketarako eta eraikitzeko borondatea» indartzearen alde egin du. Hala, beharrezkotzat jo du biktimak «bataila alderdikoietatik» kanpo uztea. «Herri honetan izan diren giza eskubideen urraketa larrietan jarri behar dugu begirada, indarkeriaren jatorria dena dela ere. Gainerakoak birbiktimizazioa dakar», nabarmendu du.

Era berean, adierazpen eta keinuak «zaintzeko» eskatu du, batez ere ardura publikoak dituztenei. Ez du hura aipatu, baina Gogora-ko zuzendari Alberto Alonsoren adierazpen bat eta keinu bat dira azken asteetan protagonista. Batetik, Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren aitortzari buruz esanak. Bestetik, aurreko ostegunean Monbarreko atentatuaren urteurrenean Baionan egindako lore eskaintzan parte hartu izana. Esteranen hitzetan, «garrantzitsua» izan zen hilaren 25eko hura, eta espero du antzeko keinuren bat iristea Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzatik ere.

Elkarbizitza helburu

Esteran eta San Jose ez dira GALen jardunera mugatu, eta aurrera begira egin beharrekoak ere izan dituzte mintzagai. Egiari Zor-eko kideak adierazi du «elkarbizitza demokratikoa» erronka komun bat dela, eta horrek denei eskatzen diela aurrerapausoak ematea. Antzeko norabidean, Giza Eskubideen sailburuak elkarbizitzaren aldeko mezua helarazi die bertaratu diren ordezkari politikoei: «Batasun hau ez dadila izan bidearen amaiera, baizik askoz luzeagoa den baten hasiera».

Izan ere, ekitaldian Eusko Jaurlaritzako sei sailburu izan dira, baita EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, PPko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak ere. Eta horiekin batera, GALen eta ETAren biktima ugari; besteak beste, Pilar Garaialde, Pili Zabala, Axun Lasa, Alberto Muñagorri eta Gorka Landaluze. Hala, aurkezpenak «espektatiba guztiak» gainditu ditu, Alonsoren esanetan, eta espero du horrek balio izatea aurrera begira urrats gehiago egiteko ere: «Ea gai garen hainbesteko mina elkarbizitza eraikitzeko oinarri sendo bihurtzeko».

Erakusketa Ernest Lluch kultur etxean egongo da urriaren 20ra arte. Bertan, Monbarreko atentatua soilik ez, GALen ibilbidea ere azaltzen duten hamahiru panel daude. Hori nabarmendu du Esteranek: «Estatu terrorismoaren giza ondorioak, izandako ibilbide judizial eskasa eta egun oraindik dagoen zigorgabetasuna landu dira». Alonsok, berriz, hartara iristeko bidea senideekin egin izana nabarmendu du. Haiei eskerrak eman dizkie Gogora-ko zuzendariak, eta adierazi du hasierako «mesfidantza» denborarekin «eskuzabaltasun» bihurtu dela, «elkarrenganako konfiantza» indartu ahala.

Erakusketaren harira, Gogora-k mahai inguru bat ere prestatu du. Urriaren 7an egingo dute, eta hitza hartuko dute Esterenak, Jon Mirena Landa EHUren Unesco katedrako zuzendari eta Eusko Jaurlaritzako balorazio batzordeko kideak, eta Jeronimo Rios UCMko irakasle eta indarkeria politikoan adituak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.