Nafarroako Gobernuak Jesus Esteban Muñozen eta Gerardo Gomez Lorenzoren gorpuzkiak entregatu dizkie familiei. Haiek San Kristobal gotorlekutik ihes egin ostean atxilotu eta hil zituzten frankistek, 1938an. Denera, 53 lagunen gorpuzkiak identifikatu dituzte, baina laguntza eskatu dute lan horretan aurrera egin ahal izateko.
Ana Ollo Nafarroako lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak Iruñeko Rozalejo jauregian hartu ditu Estebanen eta Gomezen familiak. Hain zuzen, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza da hura abuztu amaieratik, eta, han dagoen Memoriaren objektuak erakusketan, Gerardo Gomezena izan daitekeen eraztun bat ere bada. G.G. inizialak ditu hark, eta Gomezen gorpuzkien alboan aurkitu zuten.
Gomezen gorpuzkiak Leranotzeko (Nafarroa) hobi komun batetik atera zituzten, 2018ko maiatzaren 22an; hain zuzen, hura hil eta 80 urtera. Bergondoko (Galizia) bizilaguna zen Gomez, 1916an jaioa. 1937ko ekainaren 14an espetxeratu zuten Ezkaba mendian dagoen gotorlekuan, eta han egon zen preso 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldi handira arte. Orduan, baina, giza ehiza bat hasi zuten frankistek, eta hil egin zuten.
Esteban, berriz, 1906an jaio zen, eta Valladoliden bizi zen (Espainia). 1937ko urtarrilaren 20an espetxeratu zuten San Kristobal gotorlekuan, eta, Gomez bezala, 1938ko ihesaldira arte egon zen preso. Hura ere atzeman eta hil egin zuten, eta Urtasungo hilerrira eraman zuten (Esteribar, Nafarroa), hobi komun batean lurperatzeko. Han aurkitu zituzten haren gorpuzkiak, 2017ko maiatzean.
Bien familiek «poza» eta «pena» adierazi dituzte gaurko ekitaldian. Poza, behingoz haien senideen gorpuzkiak identifikatu dituztelako. Pena, haien berririk izan gabe hil diren senideek une hori bizi ez dutelako.
Ollo kontseilariak, berriz, berretsi du konpromisoa dutela bilaketa eta identifikazio lanetan segitzeko. Haren ustez, «ukapenak» eta memoria politikak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoak tokia hartzen ari dira, eta horren aurrean «zorrotz» aritzea defendatu du: «Giza eskubideen defentsa lehenetsiko dugu, eta horien artean biktimen eta, oro har, gizartearen memoriarako eskubidea».
Hain zuzen, Memoriaren Nafarroako Institutua lanean ari da 1936ko estatu kolpean, gerran eta diktaduran desagertutakoak identifikatzeko; besteak beste, Aranzadi elkarteko eta Nasertic laborategiko kideekin batera. Horiek horrela, dei egin diete garai horietan desagertutako senide bat duten familiei DNA banku publikoarekin harremanetan jar daitezen, hala identifikazio gehiago egin ahal izateko. Izan ere, denera errepresaliatuen 444 espediente dituzte irekiak.