Hondakinak

San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu Auzitegi Gorenak

Auzitegiak ebatzi du ez zela legezkoa hondakinen atez ateko bilketa sistema zuten herriei bostgarren edukiontzia erabiltzen zutenen gastua ere ordainaraztea.

Atez ateko sistema jarrita zegoen Pasaian 2014. urtean. OARSOALDEKO HITZA
2017ko azaroaren 6a
18:58
Entzun

Beste epai bat, Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren korapilo juridikoan. Kasu honetan, Bilduk gobernatutako herriei arrazoia eman die Espainiako Auzitegi Gorenak. Izan ere, San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak baliogabetu egin ditu Gorenak, atez ateko bilketa sistema ezarrita zuten herriei bostgarren edukiontzia erabiltzen zutenen gastua ere eransten zielako. Bilduk gobernatutako hainbat udalek —Hernani, Usurbil, Astigarraga, Oiartzun, Lezo eta Pasaia— errekurritu zituzten mankomunitatearen —PSE eta EAJren esku— aurrekontuak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2015ean esandakoa berretsi du: prozedura hori ez zen legezkoa.

Hernaniko Udalak eman du epaiaren berri. Iturri beraren arabera, aurrekontuak modu hartan eginda, atez ateko sistema zuten herriek ekonomikoki kaltetuta irten ziren. Esate baterako, Hernanik zegokiona baino 114.000 euro gehiago ordaindu behar izan zituen, Pasaiak 93.000 gehiago, Oiartzunek 60.000, Lezok 35.000, Astigarragak 33.000 eta Usurbilek 3.000.

2014ko aurrekontua ez ezik, arrazoi berak aipatuta, mankomunitatearen 2015eko eta 2016koei ere helegitea jarri zieten udal horiek, eta, beraz, bide beretik joan liteke auzitegiaren ebazpena hurrengo hilabeteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.