San Markoko zabortegia zigilatzeko eta ixteko azken lanak hasi dituzte

Lanek urte eta erdi inguru iraungo dute, eta zazpi milioi euroko aurrekontua izango dute. San Marko mankomunitatearen esanetan, inguruko herritarren «aldarrikapen historiko bat betetzeko azken urratsa» izango da.

Eñaut Gracia San Marko mankomunitateko presidentea (ezkerretik hasita hirugarrena), Donostiako, Astigarragako eta Errenteriako udaletako ordezkariekin, gaur, San Markoko zabortegian egin duten agerraldian. BERRIA
Eñaut Gracia San Marko mankomunitateko presidentea (ezkerretik hasita hirugarrena), Donostiako, Astigarragako eta Errenteriako udaletako ordezkariekin, gaur, San Markoko zabortegian egin duten agerraldian. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko irailaren 30a
14:25
Entzun

San Markoko zabortegia zigilatzeko eta ixteko azken lanak abian daude, San Marko mankomunitateak gaur jakinarazi duenez. Erakundeko presidente Eñaut Graciak lanen inguruko xehetasunak eman ditu, zabortegian bertan egin duen agerraldi batean. Zabortegia hartzen duten hiru udalerrietako ordezkariek ere parte hartu dute prentsaurrekoan: Donostiako, Astigarragako eta Errenteriako udaletakoek. Azaldu dutenez, lanek urte eta erdi inguru iraungo dute, eta zazpi milioi euro inguru kostatuko dira.

Zigilatzearen azken fasea 100.000 metro koadro inguruko eremu batean egingo da, eta drainatze sistemak eta euri urak bideratzeko eta husteko sistemak ezarriko dituzte. Bestalde, hondakinak transferitzeko instalazioak desegingo dituzte. Lan horiekin, 2014an hasitako ixte prozesua amaituko dute.

San Markoseko zabortegia 2014. urtean, itxiera lanak hasi zituztenean. JON URBE / FOKU
San Markoko zabortegia 2014. urtean, itxiera lanak hasi zituztenean. JON URBE / FOKU

Mankomunitateak nabarmendu du inguruko herritarren «aldarrikapen historiko bat betetzeko azken urratsa» izango dela zabortegia ixtea. Aitortu du azpiegitura ixteko prozesuan usainek eta kamioien joan-etorriek eragozpenak sortu dituztela hiru udalerrietan, eta, bereziki, Errenteriako Beraun auzoan.

San Markoko zabortegia 70eko hamarkadaren hasieratik 1988. urtera arte ustiatu zuen Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalerriek osatutako mankomunitateak. Urte horretatik aurrera, egokitzapen eta handitze obrak egin ziren, aipatutako udalerrietako hondakinez gain Donostiakoak eta, geroago, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta eta Hernani udalerrietakoak hartzeko. 2008ko urrian, San Markoko zabortegiak hondakinak hartzeari utzi zion, erakunde arteko akordio baten ondorioz. Jarduera hasi zenetik, hiru milioi tona hondakin hartu zituen guztira, mankomunitatearen arabera.

Zabortegia zigilatzeko eta ixteko azken lanak amaitzen direnean, 30 urteko zaintza aldi bat hasi beharko du mankomunitateak. Aldi horretan, zaindu beharko du zabortegiak legedian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta instalazioa egoera onean mantentzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.