Lurdes Azebedok (PSE) ordezkatuko du Lasarte-Oriako Udala, hemendik aurrera, San Marko mankomunitatean. Nerea Santxezen (Bildu) kargua hartuko du. Gaur iluntzean hartu du erabakia udalak, osoko bilkuran: Santxez kargutik kentzearen alde egin dute PSE-EEk, EAJk eta PPk. Bilduk eta Herritar Plataformak, berriz, aurkako botoa eman dute.
Lasarte-Oriako alkate Pablo Barriok (Bildu) salatu du "ordezkaria baliogabetzetik haratagoko" asmoa duela mozioak, eta Zubietan errauste planta eraikitzearen aldeko "urrats garbia" dela: "Errauste plantaren aurkako pertsona bat kendu dute, hondakinak erraustearen alde dagoen bat jartzeko".
Zero zabor politika "amets eskuraezina" dela adierazi du EAJko bozeramaile Estitxu Alkortak, eta "herritarren gehiengoaren interesen aurka" zegoen pertsona bati ordezkaritza kentzea izan dela helburua azaldu du PSEko bozeramaile Jesus Zaballosek.
Lasarte-Oriako ordezkaria aldatuta ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk ez dute gehiengorik San Marko mankomunitatean. Heldu den uztailaren 26an Donostiako ordezkariak aldatzeko mozio bat eztabaidatuko dute Donostiako Udalaren osoko bilkuran. Mozio horrek aurrera eginez gero, orduan bai, EAJk, PSE-EEk eta PPk gehiengoa eskuratuko dute mankomunitatean.
Gipuzkoako herritarren %46 ingururen hondakinen kudeaketaz arduratzen da San Marko mankomunitatea. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan, boto guztien heren bat inguru ditu. Orain Bilduko ordezkarien kargu dago mankomunitatea, baina, Donostiako eta Lasarte-Oriako aldaketekin, EAJk, PSE-EEk eta PPk bereganatu dezakete. Hala ere, Bilduko ordezkariek jarraituko dute gehiengoa izaten partzuergoan; botoen ia bi heren haienak dira partzuergoan, San Marko mankomunitatea alde batera utzita ere.