Sanchezen eta Feijooren arteko lehiaz ahaztuta bozkatzeko eskatu du EAJk

EH Bilduk eskatu du «jarraitzeko» Madrilen egin duen lanarekin: «Esandakoa egiten dugu»

Andoni Ortuzar EAJko presidentea, atzo, Bilbon egindako ekitaldi politikoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Euskal alderdiak Espainiako Gorteetarako bozei begira lanean hasi dira buru-belarri. Abertzaleek boto emaileei esan diete Madrilen gobernatzeko aukerak dituzten bi presidentegai nagusien tirabirak alboan utzita bozkatzeko, «euskal herritarrak defendatzea» izango delako, haien ustez, benetako gakoa, eta ez Sanchez-Feijoo dikotomia. PSE-EEk, berriz, borroka horren barruan kokatu ditu herritarren interesak, eskuin muturretik etor daitezkeen arriskuei erreparatuta.

Euzko Alderdi Jeltzaleak uztailaren 23ko bozen kanpainarako erabiliko duen lelo nagusia Euskadiren ahotsa izango da. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak atzo adierazi zuen EAJ dela «Euskadiren ahotsa Madrilen». Ahots hori «ahots propioa da, bereizia, entzuten dena, eta, are garrantzitsuagoa, kasu egiten diotena», EAJko buruaren arabera. Sabin Etxearen aurrean plazaratu zuen Ortuzarrek jeltzaleen kanpainaren goiburu nagusia, Mikel Legarda, Aitor Esteban eta Maribel Vaquero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuekin batera.

EH Bildu koalizioak azken legegintzaldian Espainiako Kongresuan egindako lanaz asko hitz egin eta idatzi den honetan, Ortuzarrek EAJren rola erreibindikatu zuen, eskarmentuari erreparatuta. «Madrilen euskal herritarren interesak defendatzen mende oso bat daraman ahotsa gara. Ehun urte luze, pertsonen bizimodua hobetzen». EAJko presidenteak eraginkortasunean egin zuen azpimarra: «Ahots eraginkorra gara, elkarrizketazalea. Horixe delako herritarrek eskatzen digutena: akordioak eta lankidetza denon ongizaterako. Akordioak, eta ez zarata. Elkarrizketa, eta ez gatazka».

Ortuzarrek gogora ekarri zuen iragan M-28ko hauteskundeetan bere alderdiak «ohartarazpen bat» jaso duela «abstentzioarekin», baina, era berean, gogoratu zuen «Euskal Autonomia Erkidegoan boto gehien» jaso duen alderdia izan zela. Hala, jeltzaleen buruak espero du uztaileko bozetan ere «konfiantza bera jasotzea» hautesleen aldetik. Eta helburu argi bat ezarri zuen: «Euskadiko lehen indarra izatea, eta Kongresuan berriz ere Euskal Taldea osatu ahal izatea».

EH Bilduren errebindikazioa

EH Bilduk Kongresurako eta Senaturako Nafarroako hautagaiak aurkeztu zituen atzo, Antsoaingo Zelaia parkean. Datozen asteetan herritarrek «asko» dutela jokoan helarazi zuen Bel Pozueta Espainiako Kongresurako zerrendaburuak. «Langile klasearen eskubideak zabaltzea gure esku dago, eta Nafarroaren ahots subiranista eta ezkertiarra Madrilen izatea ere bai», erantsi zuen.

EH Bildu «etxeko lanak eginda» iritsi da bozetara, Pozuetaren ustez. Azken lau urteotan, hiru ardatzetan aritu da koalizioa, haren esanetan: «Eskuindarrak gelditzeko bermea izan gara; herritarren eskubideak zabaldu ditugu, herri klasearentzat akordioak eginez; eta Nafarroako autogobernua defendatu dugu, transferentzia berriak lortuz».

Hori dela eta, lau urtez Espainiako kongresukide izan denak «jarraipena» eskatu zuen koalizioa Madrilen egiten ari den lanarentzat. «Ezinbestekoa da lan hori egiten jarraitzea. Erakutsi dugu euskal herritarren interesen alde aritzen garela, eta ez interes alderdikoiekin». Pozuetak nabarmendu zuen EH Bilduk erakutsi duela «gai» dela akordioetara iristeko «herritarren alde». Eta kanpainaurre honetan koalizioko kideen artean errepikatzen ari den baieztapena helarazi zuen: «Esaten duguna egiten dugula erakutsi dugu, eta egiten dugula esaten duguna».

UPN da Madrilgo «zentraltasunetik» kanpo kokatu nahi duen beste alderdi bat Nafarroan. Alberto Catalan zerrendaburuak esan zuen UPN dela «Nafarroaren ahotsa Madrilen», eta ohartarazi Nafarroa «porrotera» joango dela eta «beste erkidego bat gehiago» izango dela, «ez bada defendatzen independentismoaren eta Madrilgo zentralismoaren aurrean».

PSE-EE ere bozei begira aritu zen atzo, Errenterian (Gipuzkoa). Udal eta foru hauteskundeen ostean, PSE-EEk Gasteizko alkatetza eskuratu berri du Maider Etxebarriarentzat, EAJren eta PPren babesari esker, baina aldagai hori ez zen oztopo izan Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Mendiarentzat PP salatzeko garaian. Izan ere, gogor kritikatu zuen Espainiako erkidego batzuetan gobernuak eratu dituelako Voxen eskuin muturrarekin batera. «Printzipioak gobernuen truke, eskubideak eserlekuen truke» aldatzen ari da, haren arabera. PP «eroen etxea» dela esan zuen, Nuñez Feijoo «oso ahula» ei delako Voxen aurrean.

Sumar koalizioak, berriz, Bilbon egin zuen ekitaldi politiko bat atzo. Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak eta Sumarreko Madrilgo hautagaiak «EAJren eta PSEren aliantza kontserbadorea haustera» deitu zituen hautesleak, «denak berdin jarrai dezan aritzen baitira». Eskuina Nafarroako Gobernutik ateratzeko «giltza» izan zirela gogoratu zuen, eta Jaurlaritzan ere izango direla ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.