Indarkeria matxista

Sanferminetako bortxaketaren biktimak dei egin du isilik ez gelditzeko

Honela dio Espainiako telebista kate batera igorri duen oharrean: "Ez zaitezte isilik gelditu; bestela, irabazten utziko diezue".

Bortxaketaren egilek aske uztearen kontra egindako mobilizazioetako bat. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko ekainaren 27a
07:06
Entzun

Aurreneko aldiz hitz egin du sanferminetako bortxaketaren biktimak gaur, Espainiako telebista kate batera bidali duen gutunean. Eskerrak eman ditu jaso duen babesarengatik, eta, era berean, salaketak jartzeko deia egin die emakumezkoei. "Eskerrik asko bakarrik ez uzteagatik, eskerrik asko sinesteagatik, ahizpak".

Bere kasuak "kontzientziak astintzeko" eta beste pertsona batzuei "indarra emateko" balio izan badu aseta gelditu dela dio, eta, hala, zer gertatu zaien kontatzeko eskatu die erasoak jasan dituzten emakumezkoei, kontatzeko salaketa jarriz, familiakoren bati edo lagunei esanda, sare sozialetan... "Inork ez du hau guztia jasan behar, ez du damutu behar edateagatik, jaietan jendearekin hitz egiteagatik, etxera bakarrik joateagatik edo minigona bat janzteagatik".

"Lotsagarritzat" jo du bortxaketa batekin txantxak egiten aritzea, eta hitz egin aurretik pentsatzeko eskatu dio jendeari,  alboan eserita daukan edozein neska egon baitaiteke kasu horretan: "Ez naiz sanferminetako neska: alaba naiz, biloba, laguna".

Eskerrak eman dizkie, birritan, familiari, lagunei eta errespetatu duten elkarteei, politikariei, ezagunei, kazetariei... batera edo bestera, beragatik arduratu den orori.

"Biktima lehen, biziraule gero, eta emakume ausarta azkenik" izenburua jarri dio gutunari, eta argi dio: "Besterekin partekatu behar da bai bizitzako onena, bai txarrena".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.