Antonio Manuel Guerrero guardia zibila bederatzi urteko espetxealdira zigortu zuen Nafarroako Auzitegiak, 2016ko sanferminetan emakume bati taldean sexu erasoa egiteagatik. Guardia Zibilak espedientea ireki zion atxilotua izan zenean, eta lan jarduna eten zion. Espainiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi du lan etena indargabetu egin diola, eta lanerako gertu daudenen zerrendan sailkatu duela berriro, legediak "behartuta". Hala ere, argitu du ez diola lantokirik egokituko. Guerrerok soldata kobratzen jarraituko du haren kontrako epaia irmoa izan artean.
Guerrero eta gainerako kondenatuak behin-behinean aske utzi zituen Nafarroako Auzitegiak, ekainaren 22an. Kalera irten eta egun gutxira, pasaportea egiten saiatu zen Guerrero. Akusazioko abokatuek haren espetxeratzea galdegin dute, ihes egiteko arriskua duela argudiatuta.
Joan den astean, Defentsa Ministerioak bertan behera utzi zuen sanferminetako talde bortxaketan parte hartu zuen militarraren lan etenaldia ere. Margarita Robles Defentsa ministroak azaldu zuen "saihetsezina" izan zela neurria, gizona aske geratu baita, eta araudiak baitio militar batek gehienez sei hilabetez eten ditzakeela bere zereginak. Ministerioak ziurtatu zuen militarrara ere ez dutela inora destinatuko.