Urtero legez, 2014ko uztailaren 7ko egunez, prozesioa Iruñeko Alde Zaharrean ibili zen, eta Curia kale ingurura iristean, beste urteetako oihuak, protestak eta bultzadak egon ziren Iruñeko alkate eta UPNko zinegotzien aurka. Udaltzain batzuek legez kanpoko borraren bat atera zuten jendea jotzeko. Prozesioa iragan ahala, tentsioa baretu zen, udako ekaitz baten antzera. Ez zen atxiloketarik izan, ez zen beste ezer gertatu... atzo arte. Goizean, Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak Xabi Gartzia, David Gracia, Txema Urbiola eta identifikatu gabeko beste pertsona bat atxilotu zituzten, eta prozesio egunean desordena publikoak eragitea eta agintaritzari eraso egitea egotzi zieten.
Goizean, lehen orduan zabaldu zen bi atxilotu izan zirela. Ondoren, arratsaldean, lehen orduan, beste atxilotu bat izan zela jakin zen, eta laugarrena aurrerago baieztatu zen: A.F.R., Tarragonan jaioa. Hasieran, atzo bertan pasatu behar zuten epailearen aurretik, baina, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren arabera, gaur deklaratuko dute epailearen aurrean.
Espainiako Gobernu ordezkaritzak ez du inongo loturarik egin polizia operazioaren eta hauteskundeen hurbiltasunaren artean. Komunikabideei bidalitako oharrean aipatzen duenez, «Curia kaletik pasatzean, eraso eta bultzaden biktima izan ziren zinegotziak, baita hautetsien zaintzaz arduratzen diren udaltzainak ere». Gobernuak gaineratzen du horregatik egin dela operazioa.
Arratsaldean, 17:30ean, gobernuak salatutako erasoak gertatu ziren tokian, herri prentsaurreko bat egin zuten Gora Iruñea eta Iruñea Askatasunez mugimenduek. Miren Aristu Gora Iruñea-ko bozeramailearen arabera, UPNren eredu atzerakoia zalantzan jartzen duen oro kriminalizatu nahi dute. Aristuren esanetan, oraingoan prozesioa «aitzakia hartuta» berriz ere jendea atxilotzeari ekin diote. «Egun horretan Iruñean egon ginenok ederki dakigu zeinek erabili zuen bortizkeria prozesioaren ibilbidean. Hori gutxi ez, eta, irudietan agertzen den moduan, bortizkeria horren erantzulea, Simon Santamaria udaltzainburu ohia, ez dute atxilotu». Aristuren ustez, urtean Iruñean gertatzen denaren ispilu dira gertaerak.
«Ez da halabeharrez izan»
Ahotsa.info webgunean ikus daitezke irudiak. Atzoko operazioaren berri jakin eta gutxira, jendeak berehala lotu zuen hauteskundeen hurbiltasunarekin. Arratsaldean egindako agerraldian ere lotura bera egin zuten. «Ez da halabeharrez izan». Polizia operazio horrekin errentagarritasun politikoa lortu nahi izatea leporatu zien Miren Aristuk «erregimenaren partaideei». Gogora ekarri zuen hilabete falta dela bozetarako eta bi hilabete pasa sanferminetarako: «Bietan eragitea da erregimenaren xedea. Halako jazarpenekin eta kriminalizazio saioekin hauteskundeetan aldaketarik ez izatea lortu nahi dute, eta, aldi berean, sanferminetako hurrengo prozesioan joko arauak zein izango diren inposatzen ahalegintzea».
Miren Aristu eta Iruñea Askatasunez taldeko Josu Graciak nabarmendu dute aldaketa gauzatzea «geldiezina» dela. Aristu eta Graciaren esanetan, Iruñeko kaleetan aldaketa giroa sumatzen da. Biek esan dutenez, iragan sanferminetan «UPN kanpora» oihukatzen zen, eta orain, berriz,«Agur UPN».
Aristuren esanetan, beste Iruñe bat eratzeko aukera «parez pare» irekita dago, eta Nafarroako agintarien urduritasuna horren adierazle da. «Frankismo garaitik ez dugu halakorik ezagutzeko aukerarik izan». Herritarren eskubideen errespetuan oinarritutako elkarbizitza ereduaren alde egitera deitu dute.
Sanferminetako prozesioagatik lau lagun atxilotu dituzte Iruñean
Bozen atarian, polizia operazioarekin politikoki errentagarritasuna lortu nahi izatea salatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu