«Eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzeko eskubidea dugu. Gaur plaza hau bete dugu sanferminetan intentsitate altuko eraso bat eta intentsitate baxuko hainbat egon direlako». Irmo mintzatu ziren atzo iluntzean Iruñeko Gaztelu plazan egin zuten elkarretaratzean: mugimendu feministak deituta, milaka lagun bildu ziren ortziralean salatutako sexu erasoa gaitzestera.
Adierazi zuten indarkeria ez dela besta girora mugatzen, «etxeetan, lanean, eskoletan, bestelako aisialdi espazioetan eta kuadrilletan» ere badago. «Emakumeok eskubidea dugu nahi dugun bezala sanferminez gozatzeko, indarkeriarik gabeko bizitza bat bizitzeko eskubidea dugun bezala». Instituzioei ere eskaerak egin zizkieten: baliabide espezializatuak eta diziplina anitzekoak, eta nahi eta eskatzen dutenean emakumeak artatu eta laguntzeko aurrekontuak.
Erasoa ortziral gauean gertatu zen, Iruñeko etxe partikular batean. Iruñeko Udaltzaingoak eman zuen horren berri: emakume batek eraso hori salatu zuen komisarian, eta modu horretan izan zuen udaltzaingoak etxe horretan gertatutakoaren berri. Oraingoz ez dute inor atxilotu, baina erasoa ikertzen ari dira. Horrez gain, bertze bi sexu erasoren berri eman zuten herenegun goizean: bertze maila bateko «intentsitatea» izan zuten horiek, zehazki «ukituak» aipatu ditu udaltzaingoak. Gizon bat atxilotu dute jazoera horietako bat dela eta.
Iruñerriko Itaiak, berriz, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean mobilizazio bat egin zuen larunbatean. «Indarkeria matxista egunero jasaten dugu emakume langileok gure bizitzaren esparru guztietan. Hala ere, badakigu jai eremuetan areagotu egiten direla», adierazi zuten. Hortaz, indarkeria matxistari aurre egitera deitu zuten.
Udalaren adierazpena
Atzo arratsaldean, mugimendu feministak deitutako kontzentrazioa baino lehenago, adierazpen instituzional bat onartu zuen Iruñeko Udalak, eta sexu erasoa gaitzetsi zuten. Halaber, babesa eskaini zieten eraso egin ziotenari eta haren ingurukoei.