Sanferminetako talde bortxaketaren egileetako bati baimena eman diote espetxetik ateratzeko

Alfonso Cabezuelo 22 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, eta lau egunez kartzelatik ateratzeko baimena eman diote; oraindik ez dute data zehaztu.

Sanferminetako talde bortxaketa salatzeko protesta, 2018an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sanferminetako talde bortxaketa salatzeko protesta, 2018an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 23a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Alfonso Jesus Cabezuelori, 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren egileetako bati, baimena eman diote espetxetik ateratzeko, ABC egunkariak gaur zabaldu duenez. Gaztela eta Leongo Espetxe Zaintzako bosgarren epaitegiak eman dio baimena: lau egunekoa izanen da, eta oraindik ez dute zehaztu noiz atera ahalko den. Zigorraren laurden bat betetzeagatik eta kartzelan izandako jarrera onagatik onartu diote baimena.

22 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Cabezuelo: hamabortz urtekoa Iruñeko talde bortxaketaren egileetako bat izateagatik, hiru urte eta hiru hilabetekoa intimitatearen kontrako delituagatik —sanferminetako talde bortxaketa grabatzeagatik—, eta urtebete eta erdikoa aurretik Kordoban (Espainia) egindako sexu eraso batengatik.

2023an Cabezuelo gainerako auzipetuetatik urrundu zen, eta bertze bide bat hartu zuen: abokatuz aldatu, eta hamabortz urteko zigorra bete nahi zuela adierazi zuen, «gizarteratzea» lortzeko. Bien bitartean, soilik baietz da baietz deituriko legean oinarrituta bortxaketaren egileetako hiruri zigorrak murriztu dizkiete: hamabortz urtetik hamalaura. Angel Bozak eskatu zuen aurrena zigorra laburtzeko, eta bi auzitegik eman zioten arrazoia: Nafarroako Probintzia Auzitegiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak. Uste dute akusatuari hamabortz urteko kartzelaldia ezarri ziotela garai hartan legez ezarrita zegoen gutxieneko zigorretik «gertu» zegoelako. 10/2022 legea indarrean sartuta, baina, delitu horrengatik ezartzen ahal zen gutxieneko zigorra urtebete eta hiru hilabetean murriztu zen; hortaz, zigorra neurri berean apaltzea erabaki zuten magistratuek.

Jose Angel Prendak eta Jesus Escuderok bide bera hartu zuten. Otsail hasieran eskatu zuten euren zigorra berriz aztertzeko, eta hilabetea bukatu orduko jaso zuten aldeko ebazpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.