Sansohetako auziko sei akusaturentzat 34 urterainoko zigorrak eskatu ditu fiskalak

Guztira, hamar gizonezko eseri dira akusatuen aulkian, baina beste laurek aurreakordioa erdietsi dute, eta zigor arinagoak jarriko dizkiete

Sansoheta auziko epaituak, epaiketaren lehen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Sansohetako auziko epaiketa. Bertan, hamar gizonezko epaitu dituzte, zazpi adingaberen aurkako sexu abusuekin lotuta daudelakoan. Adin txikiko horietako biri Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean zeudela egin zieten eraso, Gasteizko Sansoheta zentroan, eta akusatuetako batzuk ere bertako langileak ziren. Akusatuetako lauk, joan den astean, akordioa lortu zuten akusazioekin, delituak onartu baitzituzten. Horrela, zigorra arindu zieten: urtebete eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten. Gainerako sei akusatuen zigor eskaerak atzo jakinarazi zituen fiskaltzak: hamalau eta 34 urte eta sei hilabeterainoko kartzela zigorrak eskatu zituen haientzat. Clara Campoamor elkartea ari da herri akusazio gisa, eta zigor handiagoak galdegin zituen; hain zuzen ere, 30 urte eta sei hilabete eta 47 urte eta hiru hilabete bitartekoak.

Fiskalak zenbait delitu egozten dizkie akusatuei: adingabeak galbidean jartzea, sexu abusuak egitea, adingabeei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egitea. Auzia epaiaren zain geratu da.

Adina funtsezko

Epaiketa joan den astean hasi zen, hamar akusaturekin. Baina lauk akusazioarekin ados jartzea lortuta, gainerako seiekin jarraitu dute. Horiek aitortu dute sexu harremanak edukitzeagatik ordaintzen zietela, baina ziurtatu dute ez zekitela biktimek 18 urte bete gabe zituztela. Azken saioan ere, defentsek arrazoi horixe eman dute zigorrik gabe laga ditzatela eskatzeko.

Fiskaltzak, ordea, arrazoiak ikusi ditu gizonok zigortzeko. Ondorioen aurkezpenean esan duenez, akusatuek adin txikikoekin sexu harremanak eduki zituzten, eduki sexualak partekatu zituzten diru truke, eta ez zuten egiaztatu adingabeak ziren ala ez: «Inork ez zuen ardura txikienik ere izan, eta ardura txikiena edukitzea da nortasun agiria eskatzea». Gainera, fiskalaren irudiko, auzia ikertzen hasi zirenean biktimei ateratako argazkietan «ume itxura» zeukaten: «Inork ezin du esan argazki horiek heldu batenak direnik». Biktimek bide beretik jo dute epaiketan, gehienek nabarmendu baitute ez zeukatela adin nagusikoak izateko itxurarik eta ez zietela nortasun agiria eskatzen.

Auzia 2016an plazaratu zen, Sansoheta zentroko zuzendariak salaketa jarri zuenean. Erasoen unean, biktimek 14 eta 17 urte bitartean zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.