Santa Kruz apaizaren gorpuzkiak Euskal Herriratu nahi ditu Elduaingo Udalak

Udalak Aranzadi elkarteari galdetu dio ea posible den haren gorpuzkiak Euskal Herrira ekartzea. Santa Kruz Kolonbian hil zen, duela ehun urte.

Santa Kruz, irudiaren erdialdean. BERRIA
Santa Kruz, irudiaren erdialdean. BERRIA
2026ko urtarrilaren 9a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elduaingo Udalak (Gipuzkoa) Aranzadi zientzia elkarteari eskatu dio aztertu dezala ea posible den Manuel Santa Kruz Loidi herrikidearen gorpuzkiak Elduainera ekartzea. Abuztuan beteko dira ehun urte apaiz, misiolari eta gerrillaria Kolonbian hil zenetik, eta han dago lurperatuta.

Ataria hedabideak argitaratu duenez, udala Santa Kruz apaiza gogoratzeko ekitaldiak prestatzen ari da, eta Aranzadiri galdetu dio posible ote den hura Elduainera eramatea. Elkartea, Tolosaldeko zenbait udalekin batera, Tolosako setioa eta Belabietako bataila ikerketa proiektua garatzen ari da, eta lan horren barruan Santa Kruz apaizaren inguruko informazioa ere bildu dute.

Santa Kruz azken karlistaldiko buruzagi ezagunenetako bat izan zen, eta ospetsu egin zen bere balentria eta ihesaldi harrigarriengatik, baina baita ankerkeriagatik ere. Gerora, erbestera jo zuen, Frantziara eta Ingalaterrara lehenik, eta Ameriketara gero. Jamaikan eta Kolonbian aritu zen misiolari lanetan, eta Kolonbian bertan hil zen.

Haren bizitzaren inguruko zenbait lan argitaratu dira, besteak beste, Nikolas Ormaetxea Orixe-k eleberri bat eskaini zion, eta Jose Maria Tuduri zuzendariak, pelikula bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.