Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Barajas Madrilgo atentatuagatik auziperatu egin du Garikoitz Aspiazu ustezko etakidea, eta Espainiaratzeko eskatu du. Beste lau lagun ere auziperatu ditu: Joseba Aranibar, Mattin Sarasola, Igor Portu eta Mikel San Sebastian. Aldiz, Mikel Iturbide auzitik atera egin du.
Ustez ETAko kideak direlako atxilotuta eta preso daude denak ere -Aspiazu atzeman dute azkena; gaur zortzi, Cauteretsen (Frantzia); Portuk torturak jaso izana salatu zuen-, eta atentatu hartan bi lagun hiltzea eta 68 zauritzea egotzi die Pedrazek, gaur kaleratu duen autoan.
Epailearen arabera, Aspiazu eta Aranibarrek bilera prestatu zuten Sarasola, Portu eta San Sebastianekin -Auza mendian egin zutela dio, Baztanen (Nafarroa)-, eta 500 kilo lehergailuz betetako furgoneta eman zien, Barajasera eraman zezaten, atentatua egiteko. Azken hirurek hala egin zuten, Pedrazek dioenez, eta 2006ko abenduaren 30ean leherrarazi, ETA artean su-etenean zela. Bonba eztandarazi aurretik abisua eman zuten, baina bi lagun hil egin ziren -Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio-. Kalte materialak oso garrantzitsuak izan ziren.
Pedrazek dio aipatutako furgoneta Luz Ardiden-en (Frantzia) eskuratu zutela abenduaren 27an, pertsona bat bahituta, eta hori ere egotzi die Aspiazu eta Aranibarri.
Bostei hurrengo 24 orduetan 35 milioi euroko kalteak ordaintzeko agindu die. Ez badute hala egiten, euren ondasunak bahituko dizkie Auzitegi Nazionalak.
Politika
Santiago Pedrazek Barajasko atentatuagatik auziperatu egin du Garikoitz Aspiazu
Joseba Aranibar, Mattin Sarasola, Igor Portu eta Mikel San Sebastian ere auziperatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, bi lagun hil izana leporatuta. ETAk 2006ko abenduaren 30ean eztandarazi zuen han 500 kilo lehergailuz betetako furgoneta, artean su-etenean zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu