Santurtziko lau adingabe atxilotu dituzte, mutiko bati sexu estortsioa egiteagatik

Instagram bidez mutikoaren argazki sexualak lortu zituzten, eta publikatzeko mehatxua egin zioten. Azkenean, argazkiak argitaratu zituzten sare sozialetan.

Espainiako Poliziaren operazio bat haur pornografiaren kontra. ESPAINIAKO POLIZIA
Espainiako Poliziaren operazio bat haur pornografiaren kontra. ESPAINIAKO POLIZIA
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 30a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santurtziko (Bizkaia) lau adingabe atxilotu ditu Espainiako Poliziak Bilbon, beste adin txikiko mutil bati sexu estortsioa egiteagatik. Atxilotutako lau mutilek 16 urte dituzte, eta adingabeak galbidean jartzea eta sekretuak agerraraztea egozten diete. Espainiako Poliziaren Bilboko eta Zaragozako (Espainia) komisaria nagusietako agenteen artean egin dute ikerketa, biktima Zaragozakoa baita. Atxiloketen ostean aske utzi zituzten mutilak, eta kasua Bizkaiko Adingabeen Fiskaltzaren eskuetan utzi dute.

Azaldu dutenez, lau mutilek Instagram aplikazioan kontu faltsu bat zabaldu zuten, eta 17 urteko neska baten plantak egin zituzten. Mutilarekin elkarrizketa jarraitu bat izatea lortu zuten, eta, «konfiantza giro» horri esker, mutilaren argazki sexual batzuk lortu zituzten. Hori lortzeko, beste neska baten argazki pribatuez baliatu ziren.

Jarraian, mutilari bideo gehiago eskatu zizkioten, are sexualagoak, eta berak ezetz esan ostean, biraoak eta mehatxuak jaso zituen. Zehazki, esan zioten eskatzen zizkioten bideoak bidaltzen ez bazituen aurrez lortutako argazki eta bideoak bere kontuan igoko zituztela, gertukoek ikusteko moduan. Mutilak bideorik bidaltzen ez zuela ikusita, argazki eta bideoak ez igotzearen truke ehun euro emateko eskatu zioten, eta biktimak diru hori eman zien.

Hala ere, handik gutxira mutilari lagun batek esan zion bere argazki sexualak ikusi zituela Interneten, eta hori jakin ostean, Espainiako Poliziaren Zaragozako komisarian jarri zuen salaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA