Sanzek dio «Batasunak independenteen bidez» NaBain sartu nahi duela

«Arriskutsutzat» jo du, eta ohartarazi du ezker abertzaleak ez dituela NaBaiko printzipioak bete behar, legea baizik

joxerra senar
Iruñea
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Esperpentikoa da». Hala deskribatu du Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak azken egunetan Nafarroa Baiko alderdiek ezker abertzaleari eman dioten erantzuna. Kezkatuta azaldu da UPNko agintaria, eta «Batasunak kide independenteen bidez edo beste edozein formularen bidez» koalizioaren barruan sartzeko aukeraz ohartarazi du. «Zinez arriskutsutzat» jo du, eta bere beldurra aitortu du: «Espero dut horrelakorik ez gertatzea, baina horren beldur izan behar dugu». Gai horrek «bai nafarren bai espainiarren intereserako berebiziko garrantzia» duela azpimarratu du Sanzek

Irrigarritzat jo du koalizioaren barrenean izan den erantzuna. «Batzuek diote Batasuna Nafarroa Bain sartzea presazko erabakia dela; beste batzuek, ez dela une egokia; eta beste batzuek esaten dute beste subjektu bat osatu nahi dutela», adierazi du Sanzek. Hala, zeharka, Nafarroa Baiko printzipio politikoak Alderdien Legearekin bateragarri ez direla iradoki du: «Guk diogu Alderdien Legea bete behar dutela, eta ez NaBaiko printzipioak».

Sanzek ezker abertzaleari azaldu dio legezko izateko zer neurri hartu behar dituen: «Batasunak ETAri eskatu behar dio armak utz ditzala, terrorismoa gaitzetsi behar du, legearen betekizunen menpe jarri behar da; hori da egin behar duena». Gaur-gaurkoz bere ikuspuntutik ez dela baldintza bakar bat ere betetzen arrazoitu du. Hala, ezker abertzaleak orain arte egindako urratsak ez ditu aitortu: «Kontua da Batasunak ETA ez duela gaitzesten, indarkeria utz dezala eskatu gabe jarraitzen du, eta egin asmo duen bakarra da Nafarroa Bai koalizioan sartzea kide independenteen bidez edo beste formula baten bidez».

Oso kritiko azaldu da Nafarroa Bairekin. Hala, «ideologia duen alderdi bat» izan ordez «hauteskunde plataforma bat» dela iritzi dio: «Helburu bateratu batekin bertan biltzen eta nahasten dira hainbat ideologia. Helburu hori da UPN Nafarroako Gobernutik ateratzea. Horregatik, ez dakit zergatik asaldatzen diren hainbeste gure helburua abertzaleak gobernura ez iristea dela aldarrikatzen dudan bakoitzean», esan du Sanzek.

Ohartarazpena EAri

1996tik hamaika bider entzundako mezua errepikatzeari ekin dio, horrenbestez: «Nafarroak Nafarroa izateari utzi eta beste proiektu instituzional batekin bat egitea bilatzen dute. Horrek Nafarroa erkidego bereizi izateari utziko lioke, Euskadirekin bat egiteko edo beste proiektu diferente batekin bat egiteko». Nafarroa Baiko alderdien artean, EArekin azaldu da bereziki kritiko. «Ez eskuinean ez ezkerrean dagoen» alderditzat jo du: «Edozein modutan, gaur egun alderdien legea betetzen ez dutenekin bat egiteko asmoa azaltzen dute».

Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko eledunak, berriz, azaldu du Nafarroa Baik «ateak irekia» dituela koalizioaren «printzipio, egitura eta programak sinatzen eta iradokizunak eginez bat egin nahi dutenentzat». Batasunari erantzunez, Zabaletak gaineratu du gainontzeko guztia «errespetagarria» dela. Hori bete ezean, lehia demokratikoa iragarri du.

Aralar eta independenteak

Ezker abertzalearen proposamenak ez ezik, beste gai batek hautsak harrotu ditu koalizio barruan. Independente talde batek alderdiei foru hauteskundeetarako hautagai bateratu bat aurkeztea proposatu zuen osteguneko bileran: Uxue Barkos da euren hautagaia. Berez, Aralarri dagokio hautaketa, eta militanteek Patxi Zabaleta hautatu dute jada. Ezkerreko Nabaizaleokwebgunean, besteak beste, gehiegizko protagonismoa hartu nahi izatea egotzi diote bi blogarik Barkosi.

Hori dela-eta, independenteen gestora batek ohar batean kaleratu du akusaziook «bidegabeak eta desegokiak» direla. Zilegitzat jo dute Barkos hautagai gisa proposatu nahi izatea, «nabaizale gehienen iritziz hautagai posible onena» delako. Egungo egongaiztasun handiaren arduradun ez direla sentitzen dute; izan ere, euren ustez, EAren eta Aralarren arteko akordioan koalizioaren jatorrizko printzipioak desitxuratuz geroztik ildo hori zuzendu behar dela diote. «Batez ere jarrera intolerante eta harroak alboratu behar dira».

Aralarren erantzuna berehalakoa izan da. Mikel Azkona antolamendu idazkaria harrituta agertu da gestora horrek «umiltasun eta autokritika» falta erakutsi duelako: «Baina bereziki harritzen gaitu bere burua gestoratzat duen Independente talde horrek Aralarren, EAren eta EAJren akordioetan oinarrituta altxatzen ari den koalizio ereduarekin urrun daudela adierazi duelako». Artikako batzarra geroztik Independente taldeak helarazitako proposamenen %80 onartu duela Aralarrek azaldu du. «Eztabaida lasai eta ireki baterako nahia ere erakutsi dugu».

Sanzek dio PSNrekin aurrekontuetarako akordioa lortzea «posible» dela

Legealdi honetan lehen aldiz, PSNren akordioa ziurtatu gabe duela hasi da Parlamentuan 2011ko aurrekontuen tramitazioa. Ez dirudi, alabaina, UPN eta Miguel Sanz Nafarroako lehendakaria inondik ere kezkatuta daudenik. Izan ere, etzi osoko bilkuran Nafarroa Baik, CDNk eta Nafarroako Ezker Batuak aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dira, eta PSNk zin egin du ez duela Nafarroako Gobernuaren aurrekontu proposamena atzera botako eta beste bat aurkeztera behartuko. Gauzak horrela, Sanzek uste du akordioa lortzea «posible» dela. Akordiorako aukera badagoela dio. Zailtasun handiena zerga politikan datzala azaldu du. PSNk orain arte «erantzukizunez» jokatu duela berretsi du. Bestalde, CDNren zuzenketak «demagogikotzat» jo ditu, eta NaBairenak, «irrigarritzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.