Politika

Sanzek dio PPren erabakia errespetatzen duela eta UPNrekiko gauza bera aldarrikatu du

Cerveraren kasua UPNko Diziplina eta Berme Batzordeak aztertuko duela argitu du alderdiko presidenteak. Raxoik adierazi du UPNk "bermea" ematen badu, "gustura" segituko lukeela 1991tik duten itunarekin.

2008ko urriaren 23a
16:25
Entzun
UPNko eta Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek PPk hartutako erabakia "errespetatzen" duela adierazi du. Hala ere, bere alderdiak hartutako erabakien aurrean errespetu berberaz jokatzeko eskatu dio PPri. Alderdi honek atzo agertu zuen UPNren "gaurko zuzendaritzarekin harremana eten" duela, UPNko diputatu batek -Carlos Salvadorrek- ez zuelako Espainiako Gobernuaren 2009ko aurrekontuekiko osoko zuzenketaren alde egin -abstenitu egin zen, UPNren kontseiluak erabaki bezala-.

Beste diputatuak -Santiago Cerverak, aldiz, PPrekin bat egin zuen bozketan, eta Sanzek esan du haren kasua aztertuko duela UPNren Diziplina eta Berme Batzordeak.

Sanzek Argentinan egin duen bidaia ofizialetik itzultzean egin ditu adierazpen horiek.

UPNk eta PPk 1991tik dute ituna, eta gaur Mariano Raxoi PPko presidenteak adierazi du alderdi hark "bermea" ematen badu, "gustura" segituko lukeela itunarekin. "Berme" horiek ematen ez badira, "Espainiako gainontzeko erkidegoetan bezala, PP ere Nafarroan aurkeztu beharko da". Raxoik gogorarazi duenez, "UPNk Nafarroan egiten dena erabakitzen du eta PPk Kongresuan egiten dena".

PPko buruaren ustez, bi alderdiek "orain arte, behintzat" gauza bera defenditu dute. Defenditutako horiek, "Nafarroaren foralitatea, Euskal Autonomia Erkidegoan ez-integratzea, Nafarroa Espainia dela, kohesioa eta herritar guztien berdintasuna" direla zehaztu du Raxoik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.