Politika

Sanzek dio UPNren eta PPren arteko ituna "sasoi onean" dagoela

Raxoirekin bildu da, eta PPk zuzendaritzako ordezkari gorenak bidali ditu UPNrekin batzartzeko, Nafarroako Gobernuko presidenteak Espainiako exekutiboaren aurrekontuak babes ditzateketela adierazi ondoren.

2008ko irailaren 9a
15:19
Entzun
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari eta UPNko buruak asteburuan esan du bere alderdiak Espainiako Gobernuko (PSOE) aurrekontuak babes ditzakeela, eta horretaz eta beste gai batzuez hitz egiteko bildu dira gaur goizean Mariano Raxoi Espainiako PPko presidentea eta biak Iruñean, Gobernuko egoitzan. "[UPNren eta PPren] Ituna sasoi onean dago. Hori da lehen ondorioa", adierazi du Sanzek bien batzarraren ostean. Raxoi ere iritzi berekoa izan da: "Gauzek ondo funtzionatzen dute".

UPNk eta PPk elkarrekin aritzeko ituna dute 1991tik, eta urtero egin ohi dute "koordinazio" bilera. Aurten, baina, besteetan baino tentsio handixeagoarekin, atzo Sanzek Javier Arenas PPko Lurralde Politikarako idazkariordeari adierazi ziolako "bere etxean sartzeko". Izan ere, Arenas haserre azaldu zen UPNk Madrilgo aurrekontuak babesteko asmoa agertu duelako.

UPNko presidenteak gaur aldarrikatu du bere alderdiak proposamenak egiteko "zilegitasun osoa" daukala. "Eta nik esan nuena izan zen prest gaudela Espainiako aurrekontuez hitz egiteko".

Aipatutako batzarraren ondoren, UPNko eta PPko ordezkariek hasi dute bilera, Iruñeko hotel batean, egoera ekonomikoaz eta ezker abertzalearen aurkako borrokaz ere mintzatzeko.

Arenas bera ere etorri da gaur Iruñera, baita Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia, Ana Mato Antolaketarako idazkariordea eta Soraya Saenz Santamaria Kongresuko bozeramailea ere. Bistan da, beraz, zer garrantzia ematen dion PPk UPNri.

Alderdi honetako ordezkariak gaur, Sanzez gain, Alberto Catalan idazkari nagusia, Yolanda Barcina UPNko presidenteorde eta Iruñeko alkatea, eta Santiago Cervera Espainiako diputatua izan dira.

Arratsaldean Raxoik hitzaldia emango du Iruñean, Espainiako Konstituzioaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.