Bake prozesua

Sanzek "Nafarroa blindatzeko" eskatu du egun duen estatusa aldaezina izan dadin

"Nafarroako foru erregimena bildatzeko aukera" ematen duen akordioa Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin adostuz gero, Nafarroako presidentetza uzteko prest egongo litzatekeela esan du, gaur, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak.

2006ko maiatzaren 3a
18:00
Entzun
Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean "Nafarroa blindatzearen alde" agertu da Miguel Sanz Nafarroako presidentea. El Mundo egunkariak Sanzen gutun irekia kaleratu du gaur eta apustu bera egiten du bertan. Izan ere, Nafarroako presidentearentzat Nafarroa "blindatzea" honakoa litzateke: "inolaz ere ez onartzea, Foru Hobekuntzak aitortzen duen estatus politiko instituzionala aldatzeko aukera, nafarren nahia albo batera utzita".

Hori dela-eta, Nafarroari Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin bat egiteko aukera ematen dion Espainiako Konstituzioaren IV. Xedapen Iragankorra ezabatzeko eskaera egin du berriro. Azaldu du, UPNk ezbaketa hori babestuko lukeela Foru Hobekuntzan "nafarren borondatea babesteko" xedapen gehigarri bat jartzen bada.

Sanzen arabera, ETAren "oinarrizko" helburua Nafarroa da. Nafarroako presidentearen iritziz ETAk argi uzten du bere agirietan "Nafarroa gabe ez dagoela beraiek gatazka deitzen dioten horri irtenbidea ematerik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.