Sarasate pasealekuaren erreforma 2026ko udaberrirako amaitzea espero du Iruñeko Udalak

Joseba Asiron alkateak azaldu duenez, otsailean hasiko dira obrak, eta hamabost hilabete irautea espero dute. 10,4 milioi euroko kostua dago aurreikusita.

Sarasate pasealekua
Sarasate pasealekua. ARITZ LOIOLA /
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 25a
15:00
Entzun

Iruñeko zentsura mozioa bultzatu duten taldeen arteko adostasunak lehen emaitza politiko esanguratsua ekarri du: hiriaren bihotzean den Sarasate pasealekua berritzeko proiektua onartu dute. Otsailean jarriko da abian, eta 2026ko udaberrirako amaitzea espero du Iruñeko Udalak. «Hiriarentzat sinbolismo handieneko proiektuetako bat da», nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak.

Aurretik, udalak erdiguneko pasealeku hori berritzeko hiru proiektu zituen esku artean. Oposizioan zeudela, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak horietako bat babestu zuten, eta haren alde egin dute orain ere. Proposamen horrek «kontsentsu zabala» izan du, Asironen arabera, eta pasealekuko arbolak errespetatzen ditu. Alkateak azaldu du proiektua «aho batez» onar dadin ahaleginduko dela. UPNri eta PPri bat egiteko eskatu die.

Marina Curiel PSNko eledunak nabarmendu du UPNren aginte urteetan «geldirik» zegoen proiektua «desblokeatu» egin dela, lau indarren arteko akordioari esker. «Ekintzek erakusten dute akordioak eta desberdinen arteko elkar ulertzeak emaitzak ematen dituela».

Epeak eta ezaugarriak

Lanen inguruko xehetasunak azaltzeko agerraldia egin du Joseba Asiron alkateak, Joxe Abaurrea eta Borja Izagirre zinegotziekin batera.

Asmoa da sanferminetan edo Eguberrietan lan erritmoa apaltzea «edo guztiz geratzea», data horietan herritarrei enbarazu egitea eragozteko. Funtsezko baldintzetako bat izan da. Hala, hamabost hilabetez atzeratu daiteke, 2026ko udaberrira arte. Borja Izagirre Hiri Bizigarri eta Iraunkorreko zinegotziaren arabera, epeak «errealistak» dira.

Egun pasealekuan diren Nafarroako erregeen figurak Taconerara eramango dira. Joxe Abaurrea zinegotziak azaldu du erreformaren helburua izango dela pasealekua «kanpoko aterperik gabeko museo» bihurtzea. Proposamenak ez du eskailerarik eta arrapalarik, eta horrek irisgarri egingo du eremua.

Proiekturako, kanpoko finantzaketa ere bilatuko dute. Hain zuzen ere, Asironek aurreratu du aurtengo aurrekontuak prestatzeko lanean dihardutela. Adierazi du PSN «oso exijentea» dela akordioa betetzeko eskakizunetan. «Gainerakook azpimarratzen ditugun gaiak dira haien lehentasunak, eta oso baikor naiz horregatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.