Agerraldi jendetsua egin du Sare Herritarrak gaur, Arrasateko (Gipuzkoa) Monterron parkean, eta han elkartu diren ehunka lagunei «ahalegin kolektibo handiena» eskatu die datozen hilabeteetarako, 2027ko urtarrilaren 9ko manifestazio handiak «euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera» irudika dezan. Hala, euskal presoen eskubideen aldeko elkarteak jakinarazi du 2027. urtekoa izan daitekeela Sarek antolatutako urte hasierako azken martxa handia; haren «nahia eta borondatea» da manifestazio hori izatea dinamika jakin horretako «azkena». Izan ere, eragile horrek uste du, «zuhurtziaz baina zintzotasunez», egoera aldatu egin dela euskal presoen egoerari dagokionez. «Urte askoan aldaezina zirudien jokaleku bat eraldatzen lagundu dugu», esan dute Sareko eledun Joseba Azkarragak eta Nahikari Iturbek, eta erantsi dute «jarduteko modua definitzeko garaia» dela.
Mezuak helarazten hasi aurretik, Des-Kontrol taldeak girotu du ekitaldia, euskarri akustikoan egindako pare bat kanturekin. Lainoen mehatxuak mehatxu, ateri eutsi dio. Ondoren, Sareko eledunek ziurtatu dute ezen, «azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera» itzultzeko xedeari uko egin gabe, datorren urtean «trantsizio aldi» bat hasiko dela: «Garaia iritsi da etapa bati bukaera ematen hasteko eta beste aldarrikapen modu bat irekitzeko». Eta etapa berri horretan, aukeren artean dago Sare amaitzea ere: «Arduratsua eta osasuntsua da irudikatzea etorkizun hurbilean Sare ez dela behar izango».
«Garaia iritsi da», Sarek dioenez, «etapa bati bukaera ematen hasteko eta beste aldarrikapen modu bat irekitzeko»
Horiek horrela, euskal presoen aldeko plataformaren azken faseari begira aritu dira: azaldu dute Sareren «ondarerik onena» ez dela «betikotzea», baizik hura abiarazi zuen «bidegabekeria desagertzen laguntzea». Gaineratu dute Sareren amaiera «garaipen kolektiboa eta diskretua» izango dela, «gauzak ongi» eginez gero. «Urgentziarik eta kontsignarik gabe» plazaratu nahi izan du gogoeta hori Sarek. Eta eledunek iragarri dute aldi bat zabalduko dutela mobilizazioekin nola jokatu aztertzeko eta haien egokitasunaz pentsatzeko, «tokian-tokian eta nazio mailan».
Egindako bide luzea
Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak emandako datuen arabera, duela hamabi urte 465 preso zeuden Espainiako eta Frantziako estatuetako 50 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta; Frantziako Estatuan, zehazki, 140 preso. Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan zeuden presoak.
2023an, berriz, «sakabanatze eta urruntze politikaren amaierak» Sareren dinamikak aldarazi zituen, «zorionez», eta gaur egun, «jokalekua desberdina da», plataformaren esanetan: «Gutxi gorabehera 120 preso daude, eta horietatik %70 inguru hirugarren graduan, edo 100.2 artikulua dute aplikatua. Euskal Herriko 35 herritan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat».
Sarek esan du berrogei pertsona daudela oraindik gradu progresiorik gabe edo 100.2 artikulua aplikatu gabe, baina espero dute egoera hori «aurten» aldatuko dela
Halaber, Sarek esan du gutxi gorabehera berrogei pertsona daudela oraindik gradu progresiorik gabe edo 100.2 artikulua aplikatu gabe, baina espero dute egoera hori «aurten» aldatuko dela, «euskal espetxe eredua izenekoa aplikatzeagatik, eta 7/2014 legea garatzeagatik»; azken hori, hain zuzen, Frantziako Estatuan betetako zigorrak kontuan hartzeari dagokio. Jokalekuaren «aldaketa sakon horrek» eraman du Sare bere «dinamikak egokitzera» eta inoiz baino argiago adieraztera zein den elkartearen «borondatea eta nahia» urte askoan milaka herritar bildu dituzten «manifestazio iraunkorrei» dagokienez: «Azkena izatea nahi dugu». Hala izango da, nolanahi ere, «guztion ahaleginaren arabera».
Bitartean, datorren urtarrilaren 9ko martxa handian, berriro milaka lagun elkartuko dituzte euskal presoen eskubideen alde, Bilbon, Helmuga, denak etxera lelopean: «Berriro defendatuko ditugu presoen eskubideak, eta, horrekin batera, gogoan hartuko ditugu egindako bidea eta hori posible egin duen herritarren konpromisoa».
Urruntze politikaren ondorioak
Sare duela hamabi urte jaio zen, 2014ko ekainaren 14an, Donostiako San Telmo museoko zabalgunean. Elkarteko eledunek gogoratu dute «apustu argi batekin» abiarazi zutela Sare Herritarra: aniztasuna bilatzea. «Edozeinek» Saren parte hartu ahal izateko aukera ematea izan du helburu elkarteak, Azkarragak eta Iturbek azaldu dutenez, «alde batera utzita ideologiak edo atxikipen alderdikoiak». Euskal presoen eskubideen «urraketak amaitzeko eta gure herrian elkarbizitza berreskuratzeko» bideak bilatzeko lana baino ez ei du eskatu Sarek urte hauetan, «indarkeriaren biktima guztiak oso kontuan hartuta».
Errepidean hamasei pertsona hil dira bisitetara zihoazela, eta kartzelan, 30 preso baino gehiago: «Min eta sufrimendu handia eragin nahi bazuten, lortu egin dute»
Abiapuntu horrekin, Sarek hasieratik «erdigunean» kokatu du zuzenbidearen eta giza eskubideen defentsa, «hau da, bukaera ematea arrazoi politikoengatik presoak, iheslariak eta deportatuak izateari». Hala, hasieratik, «urruntze eta sakabanatze politika salatzea» izan da Sareren «ardatz nagusietako bat». Espainiako gobernuen espetxe politika «krudela eta oso mingarria» izan dela gogoratu dute Azkarragak eta Iturbek. Izan ere, presoen senideak eta hurbilekoak ere zigortu ditu urte askoan, «milaka kilometro egitera behartuta baitzeuden bisitaren oinarrizko eskubidea gauzatzeko».
Errepidean hamasei pertsona hil dira bisita horietara zihoazela eta kartzelan 30 preso baino gehiago hil direla ekarri dute gogora. «Sufrimendu horren nahitaezko erreferentzia da ume motxiladun izenez ezagutzen ditugun haurrek jasan behar izan zuten egoera, gurasoak urrun izatearen ondorioz. Min eta sufrimendu handia eragin nahi bazuten, lortu egin zuten».