Sare Herritarra: «Litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea»

Salbuespenezko espetxe politikak oraindik indarrean daudela salatuko dute Bilboko manifestazio handian, urtarrilaren 10ean, eta egoera hori amaitzea eskatuko dute milaka lagunek.

Sare Herritarrak gaur egindako agerraldia, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sare Herritarrak gaur egindako agerraldia, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2026ko urtarrilaren 3a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren larunbatean, urtarrilaren 10ean, Sare Herritarrak Bilbon egingo duen mobilizazio handiaren alde teknikoak azaltzeko agerraldia egin dute gaur. Antolatzaileak zera uztartzen saiatuko dira, batetik, euskal presoen «eskubideen urraketaren amaieraren aldeko aldarrikapen demokratikoa» eta orain arte «lortutako aurrerapausoen inguruko gogobetetzea». Musika, festa eta aldarrikapen egun baten bidez egingo dute hori guztia, Sareko eledunek azaldu dutenez.

Iragarri dutenez, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio handiaren egunean, jai giroa Bilboren zati handienera zabalduko da, nahiz eta jarduera gehienak Zazpikaleetan izango diren. Porrotx eta Zapotxin Bilbiko plazan ariko dira (11:30); Naiz Irratiaren emanaldi musikatua izango da, halaber, plaza horretan; 12:30ean, kalejirak ibiliko dira han eta hemen: Ondalan eta Usansoloko erraldoi eta buruhandiak Santiago plazatik irtengo dira; trikitilariak, Barrenkaletik; eta txistulariak, Jardines kaletik. 13:00etan, berriz, bertsolarien emanaldia hasiko da, balkoitik balkoira, Txakur kalean (Kalderapeko eta Harrobi artean); eta ordu berean, Orkresta elektrotxaranga ariko da Zamudioko atetik aterata. Eguerdiko jai giroa biribiltzeko, 14:30ean, kantu jira izango da, Berakatz taldearekin, Barrenkaletik abiatuta.

Arratsaldean iritsiko da martxa handiaren irteera. Casillan hasiko da, 17:00etan, eta Bilboko udaletxean amaituko da. Aurten ere, milaka pertsona batzea espero dute Sareko kideek, politika, sindikatu eta gizarte arloko ordezkaritza zabal batekin batera. Beste urte batzuetan bezala, beste nazionalitate batzuetako ordezkari politiko eta sozialak izango dira Bilboko manifestazioan, gaur berretsi dutenez.

Giza eskubideen defentsa

Manifestazioari hasiera emango dion pankarta «gizarte eta kirol arloetako pertsona erreferenteek» eramango dute, baita euskal presoen senitartekoek eta «gure herrian jasandako indarkeriek» eragindako biktimek ere. Bertan izango dira Arantxi Padilla kazetaria, Olatz Iglesias psikologoa eta senidea, Amaiur Iragi senidea, Rosa Rodero ETAren biktima, Eva Ferreira Harrera Elkarteko lehendakaria, Ixone Fernandez Estatuaren biktima, Fouad Baker legelari palestinarra, Garazi Hanch Embarek aktibista sahararra, Xabier Amuriza, Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak, Francis Diez abeslaria eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria.

Bukaerako ekitaldia udaletxearen aurrean izango da. Xabat Illarregi Nafarroako bertso txapelketako txapeldunak eta Aitor Etxebarriazarraga Bizkaiko txapelketakoak emango diote hasiera ekitaldi horri. Ondoren, Sareko eledun Joseba Azkarragak eta Bego Atxak manifestazio honetarako prestatu duten manifestua irakurriko dute. Eta bukatzeko, Pantxoak eta Peiok kantu bat abestuko dute.

«Ez dugu nahi gure atxikipen ideologiko askotarikoak eta legitimoak oztopo izatea elkarbizitzaren alde denok batera egiteko»

SARE HERRITARRA

Manifestazioaren leloa hauxe izango da: Ezin da gehiago luzatu - Ezin da gehiago itxaron. «Ezin da gehiago itxaron, egunak joan egunak etorri sufrimendua eta eskubide urraketak pilatzen jarraitzen baitugu. Ia hiru urte igaro dira hainbeste sufrimendu eragin duen urruntze politikari amaiera eman zitzaionetik; hiru urte, halaber, espetxeko zigorrak lehen graduan edo isolamendu ziegetan betetzeari utzi zitzaionetik», azaldu dute gaurko agerraldian. Horregatik, etorkizun hurbilari baikor begiratu behar zaiola ziurtatu dute. «Litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea, eta itxaropenezko etorkizuna ikusten hastea».

Aurten ere euskal gizarteari dei egin diote Bilboko manifestazioan parte hartzeko. «Ez dugu nahi gure atxikipen ideologiko askotarikoak eta legitimoak oztopo izatea elkarbizitzaren alde denok batera egiteko». Izan ere, zuzenbideaz ez ezik, giza eskubideez ere ari direla azaldu dute, eta horrek izan behar du, Sareren arabera, jendea batzearen helburua: «Giza eskubideak defendatzea».

«Saren, amaierako konponbide esparru baten alde lan egiten jarraituko dugu, non, espetxe politika arrunta aplikatuz, euskal preso guztiek askatasuna berreskuratuko baitute, eta, libre direla, bizitza berri bat hasteko aukera izango duten». Zera gehitu diote mezuari: «Benetan demokratikoa izan nahi duen gizarte batek ezin die bizkarra eman beren bizitzak berregin nahi dituzten eta gaur egun oraindik preso, deportatuta edo ihesean dauden pertsonen eskubideei, egoera horiek salbuespenezko lege eta praktika penalak eta espetxeetakoak aplikatzearen ondorioz gertatzen baitira». Horregatik, salbuespenezko espetxe politikak amaitzea eskatuko dute Bilboko manifestazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.