Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindutakoaren arabera, ikuskaritzakoak eta ikerkuntzaren arlokoak izango dira itzultzen lehenak. Astelehenean, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketakoek itzuli beharko dute aurrez aurreko eskoletara, hala egitea erabakitzen duten ikastetxeetan.
Efe berri agentziak eman du aginduaren berri; ikastetxe bakoitzak maila horietako irakasleei jakinarazi beharko die noiz itzuli behar duten aurrez aurreko lanera; edozein modutan, Hezkuntza Sailak zehaztu duenez, irakasle horiek 25a baino geroago itzul litezke, aurrez aurreko eskola batzuk egun batzuk geroago hasiko direlako.
DBHko gainerako mailetako irakasleek, Lehen Hezkuntzakoek eta Haur Hezkuntzakoek modu «mailakatuan» bueltatu beharko dute ikasgeletara, ekaineko lehen astean zehar, zentroek erabakitzen dutenaren arabera. Hezkuntza Sailaren arabera, ekainaren 5erako amaituta beharko luke itzulera prozesuak. Agindua atzo sinatu zuen Jaurlaritzak, eta jada helarazi die ikastetxeei eta sindikatuei.
Salbuespen gisa, telelanarekin jarraitu ahal izango dute egoera «berezian» dauden irakasleek edota itzultzea ezinezkoa egiten duten «baldintzak» dituztenek. Lan osasunari buruzko langileei egokituko zaie irakasle horiek identifikatzea, eta langileak txosten bat aurkeztu beharko du, justifikatzeko zaurgarria dela COVID-19arekiko. 14 urtetik beherako haurrak, menpekoak edo adinekoak euren kargura dituztenek ere argudiatu ahal izango dute ezin direla aurrez aurreko lanera itzuli, baina, horretarako, ziurtagiriren bat aurkeztu beharko dute.
Sindikatuak, «aldebakarreko» erabakien kontra
Agindu hori ikusirik, ohar bateratu bat argitaratu dute Steilas, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, ikasturte amaiera «seguru, adostu eta kalitatezko baterako proposamena» egiteko eta Hezkuntza Sailari eskatzeko «alde bakarrez hartutako erabakiak geldiaraz» ditzala. Proposamenaren ardatz nagusietako bat da «bai osasun protokoloetan eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedurak eta bai edukiek dituzten gabeziak osatzea», sindikatuekin negoziatuta; horrez gain, Hezkuntza Sailari eskatu diote ikastetxe guztientzat irizpide bera ezartzeko, «ikastetxe bateko eta besteko ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzea» galarazteko.
Aurrez aurreko eskoletara itzuli behar diren ikasleak bi multzotara mugatu nahi dituzte sindikatuek: selektibitateko azterketa prestatu behar duten 2. Batxilergoko ikasleak, batetik, eta «arrakala digitalaren ondorioz konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan» eta errefortzuak behar dituztenak, bestetik.
«Jokaera arduragabea» izatea egotzi diote Hezkuntza Sailari, eta oharra egin dute: «Ikastetxeren batean osasuna bermatu gabe aurrez aurreko ikasketak abian jarriko balira, sindikatuok gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu langile eta ikasle horien osasuna babesteko».