Sare sozialak erdaraz mintzo dira

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen sare sozialen erabilera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak; hamarretik zazpi hiru saretan baino gehiagotan dabiltza egunero.

Gazte batzuk telefonoarekin, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Gazte batzuk telefonoarekin, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Klik. Lagunekin mendian argazki bat atera, eta Instagramera. Autoan sartu orduko, Spotifyra behatza. Zer gertatu ote da gaur? X-k izango du erantzuna. Eta esku artean telefonoa: «Ui, atera da Be Reala». Orduak eta orduak pasatzen dituzte sare sozialetan herritarrek —batez ere gazteek—, argazkiak eta bideoak igotzen. Eta kuxkuxeatzen. Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren sare sozialen erabilera aztertu du Gazteak eta sare sozialak lanean. Zenbait ondorio atera dituzte, hizkuntzen erabilerari buruzkoak besteak beste: erdaraz aritzen dira gehienak.

Hasteko, erabileraren inguruko argazki bat. Instagram da nagusi gazteen artean: hamarretik zortzik erabiltzen dute egunero edo ia egunero, eta hamarretik batek ez hain maiz. Asko erabiltzen dituzte Spotify, AppleMusic eta musika entzuteko beste batzuk ere: %75ek, egunero edo ia egunero, eta %14k, ez hain maiz. Nabarmen gutxiago erabiltzen dituzte gainerakoak. Hau da segida: Youtube, Tiktok, X, Be Real, lana bilatzeko sareak, Facebook, Snapchat, Twitch eta ligatzeko aplikazioak.

Momentuko argazkia ateratzearekin batera, joeren berri ere ematen du ikerketak: 2018tik nabarmen jaitsi da Youtube, Facebook eta Twitch egunero erabiltzen dituztenen kopurua; gero eta handiagoa da, ordea, Tiktokera eta Be Realera egunero sartzen diren gazteen kopurua.

Halere, zenbait faktorek eragina dute sare batzuk edo besteak erabili aukeratzeko orduan; esaterako, sexuak. Emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dituzte Instagram, musika entzuteko aplikazioak, Tiktok eta Be Real; gizonek, berriz, emakumeek baino gehiago erabiltzen dituzte Youtube, X eta Twitch. Youtuben dago alderik handiena: hamar gizonetik zazpi sartzen dira egunero, eta hamar emakumetik hiru.

%36

Jazarpena Galdetegiari erantzun dioten emakumeen %36,3k adierazi dute sare sozialetan jazarri egin zaizkiela.

Adinaren arabera ere badago aldea. Hiru adin tarte banatu dituzte: 15-19 urtekoak, 20-24 urtekoak eta 25-29 urtekoak. Adin tarte guztietan Instagram da nagusi, 15-19 urteko mutilen kasuan izan ezik; haien artean bigarren postuan dago, musika entzuteko sareen atzetik. Gainontzean, Be Real eta Tiktok, esaterako, gazteenek gehiago erabiltzen dituzte; Youtubek eta X-k, berriz, arrakasta handiagoa dute zaharragoen artean.

Instagram, Tiktok, Youtube, Be Real... Aukera zabala dago, eta horrek, zenbaitetan, mendekotasuna ere eragiten du. Ikertu dute zenbat gaztek erabiltzen dituzten egunero hiru sare sozial edo gehiago: hamarretik zazpi dira. Gainera, azken urteetan gertatu denari erreparatuta, ikusten da gero eta sare sozial gehiago erabiltzeko joera dagoela: 2016an, hamar gaztetik hiruk erabiltzen zituzten hiru sare sozial edo gehiago egunero.

Euskara larri

Sare sozialak, Internet eta oro har pantailak aipatzen direnean, euskaltzaleen artean sarri agertu ohi da kezka bat: horietan ere baztertuta dagoela euskara. Gazteei galdetu diete sare sozialetan zer hizkuntza erabiltzen ote dituzten —erabiltzen dituzten hizkuntza guztiak aipatzeko eskatu diete—, eta ondorioa argia da: erdarak dira nagusi. Hain zuzen, gazteen %98k esan dute gaztelera erabiltzen dutela, eta %62k ingelesez aritzen direla. Hirugarren postuan dago euskara: %41ek esan dute euskaraz egiten dutela. Atzetik daude frantsesa (%5); alemana (%2); katalana (%2); eta italiera (%1).

Euskararen erabileraren azterketa xeheagoa egiteko modua ematen du txostenak. Hain zuzen, bizilekuari erreparatuta, gipuzkoarrek erabiltzen dute euskara gehien, gazteen %53k. Gutxiago dira Bizkaian eta Araban; hurrenez hurren, %35 eta %32. Adinari dagokionez, 20-24 urtekoak dira euskara gehien erabiltzen dutela esan dutenak, eta 15-19 urtekoek erabiltzen dute gutxien. Sexuaren arabera ere badago aldea: emakumeen %43 aritzen dira euskaraz, eta gizonezkoen %39.

Hamarretik hiruri, erasoa

Sare sozialez egiten duten erabileraz ez ezik, horietan izan dituzten bizipenez ere galdetu diete gazteei. Zehazki, jazarpenaz aritu dira. Hamar gaztetik hiruk sentitu dute jazarpena; alegia, eraso egin diete, etengabe mezuak bidali dizkiete edo iruzkin «desatseginak», irainak edo mehatxuak jaso dituzte.  

Gehiago jazarri zaizkie emakumeei gizonei baino: emakumeen artean, %36k sentitu dute jazarpena; gizonen artean, %23k. Adin tarte guztietan errepikatzen da egoera hori, baina jazarpenik handiena 15-19 urte bitarteko emakumeek jasaten dute: hamarretik lauk sentitu dute jazarri zaizkiela. 

Jazarpen motari erreparatuta, bereziki aztertu dute jazarpen sexuala: gazteen %15ek bizi izan dute. Alde nabarmena dago gizonezkoen eta emakumezkoen artean: emakumezkoen %24k jasan dute, eta gizonezkoen %7k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.