Bi urte iragan dira Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, eta Sarek «itxaropentsutzat» jo du ibilbide hori euskal presoei dagokienez. Oraindik salbuespenezko espetxe politika aplikatzenbada ere, «bilakaera geldo» bat ikusi dute. «Ikusita aurreko egoeran salbuespenak zirela jarduteko arau komuna, eboluzioak balorazio horretara garamatza, non itxaropena zabaltzen baita, hainbat hamarkadatan esparru horretan jasan den bidegabekeriaren aurrean», adierazi dute ohar batean. «Sareren ustez, ezinbestekoa da, ausardiaz eta atzerapenik gabe, egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea, bizi dugun aldian kokatuta, gertatutakoaz ezer ahaztu gabe, baina behar diren neurriak hartuta, gainditutako indarkeriaren faseari behingoz bukaera emateko, minik sor ez dadin».
Bi urteko epealdian, Eusko Jaurlaritzak 55 euskal presori onartu die hirugarren gradua, eta Espainiako fiskaltzak helegitea aurkeztu die horietatik 31ri. Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hamalau gradu aldaketa berretsi ditu –sei kasutan, apelazio errekurtsoa aurkeztu du fiskaltzak–, eta beste hamahiru preso bigarren gradura edo espetxera itzuli dira. Lau kasu ebatzi gabe daude oraindik. Sareren iritziz, «positibotzat» jo daiteke Eusko Jaurlaritzako espetxe administrazioa, onartutako errekurtsoen kasuan hirugarren gradura igarotzea proposatu baitute berriro.
Euskal presoen eskubideen aldeko sare herritarrak salatu du salbuespenezko espetxe politika aplikatzendela oraindik ere. «Duela hogei urte baino gehiago sortu eta onartutako 'terrorismoaren aurkako' borrokan pentsatutako legediak jasaten ari gara, egungo egoerarekin zerikusirik ez duten legediak alegia. Bitxia badirudi ere, gaur egun, 2023ko urrian, ETAk 2011n bere jarduerak bertan behera utzi zituela eta 2018an desegin zela esan beharra dugu oraindik. Eta hori ez da batere logikoa. ETA jada ez da existitzen». egin dute aldarri.
Espetxea eta zigorra
Duela gutxi Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako espetxe gaietarako aholkulariak ETAko kide izateagatik edo erakunde horrekin kolaboratzeagatik zigortutako presoei buruz esandakoa azpimarratu du Sarek. «Baimenak izateko eskubidea badute, izan behar dituzte; erdi-askatasunean irten behar badute, irten egin behar dute, eta lehen ez bazen egiten, beste ikuspegi bat zegoelako zen», adierazi zuen.
Sareren hitzetan, badaude zigorra betetzeko beste modu batzuk, «espetxeko harresien barruan» betetzeaz bestelakoak. «Espetxealdia erdi-askatasunean edo erregimen irekian bete daiteke, eta hori da 'euskal espetxe eredu' deritzonaren ardatz nagusietako bat», adierazi dute. «Arazoa sortzen da jarrera oso kontserbadoreetatik abiatuz 'espetxe zigorra' eta 'espetxean egotearen zigorra' nahasteko joera dagoenean».
Espainiako Estatuko organo juridikoen «jarduera blokeatzaileak» sortzen duen kezka «handia» izanik ere, «oro har aurrera egiten ari gara», Sareren hitzetan. «Aurrerapen hori azkarrago egin nahiko genuke; izan ere, askatasunik gabeko pertsonak dira, urte askoko zigorrak betetzen ari direnak». Hori kontuan hartuta, «aspalditik» egin beharko zitzaien hirugarren gradura igarotzeko proposamena, Sareren ustez. «Ezinbestekoa da, ausardiaz eta atzerapenik gabe, egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea».
Agirian adierazi dutenez, askotariko dinamikekin jarraituko dute. «Euskal gizartearen zati gero eta handiago batera» iristeko modua emango dute dinamika horiek, «eskubideen eremuari eragiten dion egoera hau amaitzeko konpromisoa» beharrezkoa dela helarazteko. «Giza eskubideez ari gara», nabarmendu dute. Mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute; erran dutenez, urrian bertan ekinaldi bat iragarriko dute, «guztientzako giza eskubideen defentsan oinarritutako elkarbizitzaren» aldekoa.