Hamabost urte beteko dira 2026an ETAk jarduera armatua etengo zuela iragarri zuenetik. Hala eta guztiz, oraindik 123 euskal preso daude Euskal Herrian, eta hiru Frantziako kartzeletan; hamalau iheslari eta hiru deportatu ere badaude. Sare Herritarrak manifestazio nazionalera deitu du urtarrilaren 10erako, Bilbon, Ezin da gehiago luzatu lelopean. Bego Atxak eta Joseba Azkarragak egin dute deialdia Sareren izenean, Gasteizen. Legezko konponbide progresibo bat eskatuko dute, eta espetxe politika arrunta indarrean jartzeko denei, salbuespenik gabe, «berandu gabiltza eta».
«Eskatuko dugu espetxe politika arrunta aplikatzeko presoei, bai eta iheslariak eta deportatuak itzul daitezela ere». Eta hau gaineratu dute: «Errepikatu nahi dugu preso hauen eskubideen defentsak ondoan behar duela haien indarkeriaren edo beste indarkeria batzuen ondorioak jasan zituztenen eskubideen eta sentimenduen aitortza. Beti adierazi dugu urte haietako indarkeria guztiak sufritu zituztenek merezi dutela euskal gizartea ahalegintzea aitortza ematen eta minaren erreparazioa egiten».
Sarek gogora ekarri du 34 urte behar izan zirela urruntze politika indargabetzeko, euskal presoak Espainiako eta Frantziako kartzela askotan izan baitzituzten 2023ra arte. Ez hori bakarrik: lehen graduan, erregimen itxian izan zituzten haietariko asko urte luzez. Behin preso guztiak lehen gradutik irten eta euskal herriratuta, 2023tik aurrera egoerak hobera nabarmen egin duela azpimarratu du Sarek. «Gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesu horren azken txanpari ekin behar diogu», gaineratu dute.
Horregatik dei egin dio euskal gizarteari mobiliza dadin, «atxikipen ideologikoak alde batera utzita. Egin dezagun konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua».
Izan ere, gogora ekarri dute espetxeko legedi arrunta indarrean jarriz gero euskal preso gehienek kalera ateratzeko aukera izan beharko luketela. Sareren datuen arabera, 63 preso daude bigarren graduan zigorraren erdia betea baldin badute ere, eta, legearen arabera, zigorraren erdia betea izanez gero, hirugarren gradura pasatzeko aukera beharko lukete. «Zaila da ulertzea irizpide arbitrario eta diskrezionalen aplikazioa izatea Euskal Espetxe Eredua deitutakoaren oinarria. Preso guztien gradu progresioa ez da berdina izan behar, baina denei irizpide berberak aplikatu behar zaizkie. Eta EAEko espetxe agintari nagusiek argi jokatu behar dute gai honetan», azaldu dute, eta salbuespenik gabeko espetxe politika arrunta indarrean jar dezatela eskatu.
«Egoera hau ez da ona inorentzat»
«Egoera hau ez da ona inorentzat», gehitu dute. Izan ere, haien ustez, salbuespen politikak amaituz gero «jarrerak hurbilduko dira, enpatia berriak sortuko dira, zauriak sendatuko dira. Inongo premiarik gabe mina sortzen segitzea, edonork jasaten duela ere, iraganaren ondorioetarako behin betiko konponbidearen kontra daudenen erantzukizuna da, ez beste inorena».
Eskatu dute legezko konponbide progresibo bat emateko oraindik espetxean daudenei. «Lehenbailehen egin beharra dago, berandu gabiltza eta».