Euskal Herriko bost eragilek –Sare Herritarrak, Etxerat Elkarteak, Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteak, Eleak-Libre Mugimenduak eta Giza eskubideen Euskal Herriko Behatokiak– hainbat alegazio aurkeztu zituen Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluan.
Alegazio guztiak esaldi batean laburtu dituzte «ETA desagertu ostean ere, Estatu espainiarrak bere horretan mantentzen duen lege antiterroristaren baitan eraikitako salbuespen egoerak ekarritako ekintza polizial, penal eta espetxe politikari begirakoak dakartzan giza eskubideen urraketa larriak». Alegaziok oinarri, Genevan izan dira «espainiar estatuak Euskal Herrian urratzen dituen giza eskubideak» errespetarazteko eskatuz.
Alegazioak aletzen hasita, hainbat eskubide urraketa aipatu dituzte. Oraindik ere garrantzitsuenetako bat euskal presoen sakabanaketa dela diote. «Ez dauka legezko oinarririk, eta barne politikaren, Europako Kontseiluaren eta Nazio Batuen Erakundearen legeen aurka egiten du». Sakabanaketak senideentzat «zama fisiko, psikologiko eta ekonomiko jasangaitza» dakarrela salatu dute, eta bizitzak arriskuan jartzen direla.
Larri gaixo dauden presoak ere hizpide izan dituzte. Beraien bizitza ere arriskuan jartzen dela, eta legea betez aske utzi beharko lituzketen arren espetxean jarraitzen dutela azpimarratu dute. Horrez gain, Europako Batasuneko estatu batean betetzen den kartzela zigorra besteetan ere aintzat hartu behar dela dioen legea ere bete behar dela nabarmendu dute. Izan ere, azaldu dutenez, euskal preso askok Frantzian bete dituzten zigorrak berriro betearazten dizkiete Espainian.
Espetxean igarotzen dituzten urte horiek, gainera, legean jasotzen diren «baldintza txarrenetan» betetzen dituztela diote, eta baldintzapeko askatasuna lortzeko oztopoak jartzen dizkietela.
Adibide zehatz bat ere eraman dute Genevara: Altsasuko kasua. «Ondorio larririk gabeko gau giroko liskar batengatik, terrorismo akusazio oso larriak egin dizkiete hainbat gazteri, eta espetxe zigor oso luzeak jaso dituzte».
Presoen beraien egoeraz ez ezik, haiei laguntzen dieten pertsonez ere arduratu agertu dira: Zehazki, giza eskubideak eta presoak «publikoki, gardentasunez eta jarrera bakezalearen bidez» defendatzen dituzten hainbat pertsonek jasan duten «jazarpenarengatik» daude arduratuta.
Guzti hori dela eta, nazioarteko komunitatearen laguntza eskatu dute, «salbuespenezko politiketatik eta neurri antiterroristetatik» Euskal Herrian «bakea eta bizikidetza» lzatera igarotzeko.