Urtez urte berdintasunaren alde egiten ari diren lana aitortu diete erakundeek azken hilabeteetan, baina benetako aitorpena eta eskerra atzo jaso zuten Irungo (Gipuzkoa) alarde parekidekoek: eguraldi aparta lagun, kaleak beteak zituztela egin zuten San Martzial eguneko ibilbidea gizon-emakumeek, elkarrekin, txalo artean. Gero eta babes handiagoa du alarde parekideak, eta bistan da hori zenbakietan: 1.200 kide izan ditu aurten, inoizko gehien. Goiza oso lasai joan zen; arratsaldean izan ziren gorabehera batzuk. Alkateak oraindik ez die harrera egin nahi andreek eta gizonek osatutako taldeei.
Emakumeak kantineratarako bakarrik onartzen dituen alardeak —tradizionalak— egin zuen ibilbidea goizean goiz atzo; haren ondoren zuen txanda andreak gizonen pare onartzen dituen taldeak: 11 konpainiatan abiatu zuten bidea Urdanibia plazatik, jendearen txalo eta oihu artean. Gazteak, helduak eta adinekoak batu ziren bide bazterrean alarde mistoari agur egitera; ordurako, handik aldendua zen alarde tradizionala.
Azkar igo zuten San Juan plazarako aldapa, txilibitu eta danbor hots artean, talde bakoitzaren aurretik kantinerak zituztela; atzetik, berriz, zaldizkoak. Aurreko urte batzuetan, malda horretan irain egin izan diete, bizkarra eman ere bai, baina atzo ez zen horrelakorik. Salbuespena, etxeren bat: alarde parekidea iritsi aurretik, pertsianak jaitsi egin zituzten, ezinikusiz, alardea ez ikusteko. Jendearen oihuek eta txaloek, ordea, ezerezean utzi zituzten herritar gutxi batzuen keinu horiek.
Agintariak, udaletxean zain
Alardeko gizon-emakumeak plazara iristerako, udaletxeko balkoian ziren agintariak. Besteak beste, han ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Administrazio Publikoetako diputatua, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria; Bilduko, Aralarreko eta Ezker Batuko ordezkariak ere baziren udaletxean, urte berezia baita alardearentzat: Emakunderen Berdintasun Saria eta Gipuzkoako Diputazioaren diru laguntza bat jaso ditu aurten, egindako lanarengatik.
Balkoian bazen hutsune nabari bat, hala ere: Jose Antonio Santano alkatearena (PSE-EE). Alarde tradizionalari, bai, harrera egin zion goizean, baina, aurreko urteetan bezala, muzin egin zion parekideari. Konpainia mistoak atera aurretik, alde egin zuen udaletxetik. Bidean aurkitu zuen Garitano ahaldun nagusia, arkupeetan; hitz batzuk egin zituzten. Azken asteetan, ika-mika izan dute Irungo alkateak eta diputazioak; Santanok esan zuen aldundiak alarde parekideari laguntza emateak «distortsioa» sortu duela jaietan.
Berdintasunaren alde jarraituko dutela berretsi zuen Garitanok atzo ere: «Berdintasunezko jaien aldeko apustua egiten duten irundarrak zoriondu nahi ditugu, hori baita Gipuzkoako Foru Aldundiak nahi duena». Nabarmendu zuen jaietan berdin gozatu behar dutela andreek eta gizonek. Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak goraipatu egin zuen alarde parekidearen lana: «Gazteek bakarrik ez; adin guztietako gizon-emakumeek parte hartzen dute». Hala ere, ohartarazi zuen alarde diskriminatzaile bat egonda ezin dela hitz egin «normaltasunaz».
Jeneralaren azterketa
Agintariak balkoian zirela, plaza txukun antolatu zuten konpainiek, kideak errenkan jarrita. Ainhoa Ruiz Arbulo jeneralaren zain egin zuten aldi bat, isilik; zaldi gainean agertu zen, eta indartsu sartu zen plazara. Konpainiak ikuskatu zituen, eta lehen eskopeta tiroak eta kanoikadak egin zituzten San Juan plazan bertan. 1522an herriko soldaduek frantsesen aurka San Martzialen lortutako garaipena gogorarazi zuten.
Hunkituta eman zituen aginduak Ruiz Arbulok plazan. Hangoak amaituta, kaleetako bidea hasi zuten konpainietako kideek, jeneralaren aginduetara. Plazatik irten aurretik hitz egin zuen jeneralak. Etorkizunera begira jarri zen, itxaropentsu: «Etorkizunean alarde bakarra egingo dute, hori eskatuko baitu jendeak: elkarrekin ateratzea». Bide horretan urratsak egiten ari dira orain, haren iritzirako: «Gauzak normaltzen ari dira. Aurrera egiten ari gara, poliki-poliki». Arratsaldean, poliziek babestuta egin behar izan zuten ibilbidea; bi lagun inputatu zituen Ertzaintzak.
Saririk onena, herritarrena
Txalo artean eta herritarren sostenguarekin egin du ibilbidea Irungo alarde parekideak. Erakundeen aitorpena herriarenari batu zaio. Salbuespena, alkatea: uko egin dio harrerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu