Nicolas Sarkozy UMPko Frantziarako presidentetzarako hautagaiak jakinarazi du Mediapart webgunearen aurka parte sartuko duela, honek Muammar Gaddafi Libiako buruzagi ohiak 2007ko kanpainarako 50 milioi euroko laguntza eman ziola argitaratu duela eta. "Faltsua da informazioa", esan du Sarkozyk. Mediapart-ek erantzun du informazioa "sinesgarria" dela, eta UMPko buruari adierazpen askatasunaren eskubidea urratu izana egotzi dio.
"Denak ez du balio, hauteskunde kanpainak ez du dena justifikatzen. Gezurra esaten duena zigortu egin behar du Justiziak", adierazi du Sarkozyk France2 telebista katean. "Ez dut onartuko komunikabideak horrela aritzea".
Mediapart-ek zerbitzu sekretuen agiri bat argitaratu zuen larunbatean. 50 milioi euroko laguntzak legedia urratuko luke, gehienezko aurrekontua 22 milioitan ezarri baitzuten orduan. Agiri haren arabera, Brice Hortefeux Sarkozyren 2007ko kanpainaren arduradunak eta Moussa Koussa Gaddafiren zerbitzu sekretuen buruak 2006ko urriaren 6an "akordiorako oinarri" bat hitzartu zuten.